Noiz hasi zinen Donejakue bidea egiten?
2021. urtea izango zen, pandemiaren ondoren, herritik ateratzen utzi zigutenean. Kuadrillako batek gonbidatu ninduen bidearen zati bat egitera, eta gustatu egin zitzaidan. Hurrengo urtean, Oviedotik [Espainia] Santiagorako bidea egin nuen, eta horrek sortu zidan harra. Lehen bi urteetan udan egin nuen, baina ordutik aurrera, oporrak ditudan bakoitzean joaten naiz.
Bideak badu kutsu espirituala. Zu ere horrek mugiarazten al zaitu?
Ez, ez, nik ez dut sinesten, beraz... kar, kar, kar. Aisialdiko zerbaiten gisan ulertzen dut Donejakue bidea, modu jasangarrian mugitzeko era bat da: lasai ibiltzeko aukera ematen dit, nire martxan. Ezagutu dut bidea erlijioarekin lotuta egiten duen jendea, baina ez da nire kasua.
Bidea bere osotasunean ez duzu egin; beti osatu dituzu haren zatiak.
Egin dudan ibilbiderik luzeena azkenekoa izan da, abuztuan. Zamoratik Santiagora joan naiz, eta 21 egun eman ditut oinez. Gehiago jarraitu nahiko nukeen, baina lanarekin ez da bateragarria.
Ezagunena den bide frantsesetik, Leon [Espainia] eta Melide [Galizia] artekoa gelditzen zait egiteko; hamar bat egunean egiten da zati hori. Melide herrian justu bat egiten dute jatorrizko bideak eta frantsesak. Melidetik Santiagorako zatia, bestalde, eginda daukat.
Bidea askotan egin dut, baina denetan ez naiz Santiagora iritsi. Iaz jendearekin heldu nintzen plazara, eta hamabost egunez alboan izan nuen jendearekin plazara iristea polita da. Aurten bakarrik heldu naiz, eta tabernaren baten bila aritu nintzen ospatzeko! Hori erromes guztiek egiten dutela esango nuke. Erromesen %90 Compostela ziurtagiriaren bila joango dira, bidea egin duzula ziurtatzeko. Nik ez dut inoiz atera. Ez dut paper bat behar bidea egin dudala jakiteko. Besteek sinesten ez badute, ez da nire arazoa.
Ziurtagiria ez duzu ateratzen, baina zigilatzen duzu txartela.
Egiaztagiriak eskubidea ematen dizu aterpetxe publikoetan edo borondatezkoetan gaua pasatzeko. Ostatu pribatuek ez dute zertan egiaztagiri hori eskatu, bai, ordea, besteek, eta gaua pasatzeko zigilatuta izan behar duzu.
Zamorako (Espainia) suteek erretako lekuetatik igaro zara aurten.
Lehendabizi, aste oso batean, beroaldia izan zen; 35-36 gradu izan genituen. Gero, suteak izan ziren. Beti begiratzen genuen suteak non zeuden. Valentziako gizon batekin nindoan, eta hura beti zebilen guardia zibilei edo basozainei deika. Denek ere buelta ematea eta etxera itzultzea gomendatzen ziguten. Azkenean, Agudin [Galizia] izeneko herri batean esan ziguten ezin genuela aurrera egin, autobusera igotzeko eta Ourensera [Galizia] joateko, han arriskurik ez zegoela eta.
Beldurra ez dut sentitu, baina bai errespetua. Erretako leku batzuetatik pasatu ginen, eta... Bost bat kilometroko zatia egin genuen erretako lekuetan barrena; surik ez zegoen, baina oraindik kea ateratzen zen. Ez zen ezer entzuten, isiltasuna zen nagusi. Zapaltzerakoan oinek ateratzen zuten soinua besterik ez zen entzuten. Izugarria izan zen.
Egoera hartan, ez al zenuen pentsatu bueltatzea?
Etxera itzultzea ez. Azkenean, beste leku batera mugitu ginen, iparraldera. Tabernetan eta, bertako jendea lasai ikusten nuen; bazekiten non zegoen sua. Haiek lasai bazeuden, nik ez nuen zertan kezkatu. Hori bai, aterpetxean motxila prest izaten nuen, suagatik korrika atera behar bazen ere. Dudan pena da zati hori ez nuela egin, eta Zamoratik Santiagora ez naizela oinez heldu.
Leon eta Melide artekoaz gain, geratzen al zaizu zatirik egiteke?
Egindako zatiak errepikatzea ere ez da txarra. Norbera inoiz ez da berdina, ezta lekuak eta inguruan duzun jendea ere.