Azaroaren 25a

25 indarkeria matxista kasu artatu dituzte aurten Zumaian

Erredakzioa 2025eko azaroaren 25a

Pertsona baten ukabila, eta atzean, emakume bat burumakur.

Iaz hamasei kasuren berri izan zuen udalaren zerbitzu horrek. Aurten lehendabizikoz Emakumeon Etxeak eta Ertzaintzak emandako datuak ere zenbatu dituzte. Gaur da Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroak 25. Urola Kostako herrietako Gizarte Zerbitzuek jasotako datuen arabera, gutxienez 161 emakume izan dira indarkeria horren biktima aurten. Nabarmen egin du gora kopuruak, iazkoaren ia bikoitza baita –86 kasu artatu zituzten iaz–, baina gorakadaren zergatia ez dago jakiterik, udalek findu egin baitituzte zenbaketak. Adin guztietakoak eta askotariko jatorrietakoak dira erasoa jasan dutenak.

Aurten indarkeria matxistaren 25 kasu berri artatu dituztela eman dute jakitera Zumaian. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Emakumeon Etxeko eta Ertzaintzako datuak dira horiek. Kasu horietan guztietan, indarkeria gertuko pertsonen eskutik etorri dela ere adierazi dute, eta, erasoa jasan dutenei dagokienez, bizitzako etapa guztietan gertatu direla erasoak, 0 urtetik 65era bitartean. Bost emakumek indarkeria fisikoa pairatu dute, lau emakumek ekonomikoa eta lauk sexu indarkeria. Kasu denetan indarkeria psikologikoa presente egon da.

Iaz hamasei kasu izan ziren, baina Gizarte Zerbitzuetako datuak soilik jaso ziren. Lehenbizikoz eman dituzte datuak gainerako erakundeek.

Manifestazioa arratsaldean

Manifestazioa deitu du Zumaiako Mugimendu Feministak gaur arratsalderako. 19:00etan abiatuko da martxa Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista lelopean egingo dute protesta ekintza.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide