'Los domingos' filma ikusteko beste aukera bat izango da, ostiralean

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 25a

'Los domingos' filmeko protagonista Blanca Soroa eta Patricia Lopez Arnaiz, Donostiako Zinemaldian. (Jorge Fuembuena)

Ikusleek erruz erantzun dute, eta pasa den asteburuko emanaldi guztiak bete ziren. Jendea kanpoan geratu zela eta, datorren ostiralean, hilaren 28an, berriz emango dute.

Los domingos filma eman dute pasa den asteburuan Aita Mari zinema aretoan. Sona handiko filma izanik, ikusleek erruz erantzun dute eta aretoa bete dute egindako hiru emanaldietan. Astelehenean bertan jende ugari geratu zen sartu ezinik, sarrerak agortu zirelako. Hori dela eta, datorren ostiralean berriro emango dute Zumaiako zinema aretoan, 19:30ean. Sarrerak aurrez erosi ahal izango dira sarrerakzumaia.eus webgunean. 

Aurtengo Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen Alauda Ruiz de Azua zuzendari eta gidoilari barakaldoarraren azken lanak. Los domingos filmak Ainararen istorioa kontatzen du, 17 urteko gazte idealista eta apartekoa, unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki behar duena. Hori espero du bere familiak, behintzat. Alabaina, gazteak adieraziko du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako moja bilakatzea planteatzen duela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati aurre egin beharko diote.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide