Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunez, dozenaka herritar mobilizatu da Zumaian. Mugimendu Feministak deitu du martxa, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren leloarekin bat eginez: Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista, hain zuzen.
Mobilizazioaren amaierako irakurketa duela urtebetetik Euskal Herrian erail dituzten sei emakumeak gogora ekartzen hasi nahi izan dute. Palestinar herria eta bertako feministak ere aipatu dituzte, eta irakurketa baliatu dute gobernuek Israelgo estatuarekin dituzten harremanak etetea exijitu, eta boikotaren aldeko mezua zabaltzeko.
Indarkeria matxistaren askotariko formez aritu dira gero, eta horiekin batera, "horiek sostengatzen dituzten egiturez" aritu dira: konplizitate sareez eta anaidiez, esaterako. "Ematen dugun urrats bakoitzaren aurrean, oldarraldi berri bat jartzen da martxan, testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena. Egun, eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi betean aurkitzen gara. Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak, eta beste", azaldu dute. Zentzu horretan, erasotzaileak eta antifeministak inguruko gizonak direla nabarmendu dute hitzartzean.
Erresistentzia feministara batzeko deia
Aipaturiko konplizitate eta anaidia sare horiek "paktu patriarkalak" dira, beren ustez: "Konplizitate eta isiltasun sareak dira, eta bertan gizonez gain, bestelako egiturek ere parte hartzen dute; indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeak, alegia".
Gorrotozko mezuak zabaltzeko feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoaren erabilera salatu dute, bide batez. Horren guztiaren aurrean, erresistentzia feministara batzeko deia zabaldu dute hitzartzearen amaieran: "Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan… Erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten haien konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin".