Azaroko ohiko udalbatzarra egingo dute bihar arratsaldean, udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Osoko bilkurak gai nagusi bat izango du, eta datorren urtera begirako udal aurrekontuaren onarpena izango da hura. Udalbatzarraren atarian, bertan aztertu eta bozkatuko duten aurrekontu proposamena aurkeztu du EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuak.
21,6 milioi euroko proposamena ondu du Udal Gobernuak 2026. urterako. Iazkoarekin alderatuta, %6,3ko igoera suposatzen duela iragarri dute gobernukideek udal kontuak aurkezteko egindako agerraldian, 1,2 milioi handiagoa, alegia. Hazkundea, "kudeaketa ekonomiko arduratsuaren emaitza" dela ere nabarmendu nahi izan dute. "Aurrezki garbia 875.000 eurotik 1,6 milioi eurora igaro da, eta udalaren zorpetze publikoa %3an mantentzen da", azaldu dute, eta gaineratu 2024an eta 2025ean egindako lanak aukera eman diela "aurrekontu orekatu eta sendoagoak" aurkezteko.
Agerraldian esandakoaren arabera, aurreko urteetako aurrekontuen "ildo estrategiko" beraiek mantenduko dituzte datorren urtera diseinatutakoan ere. Gaineratu dute, "inbertsio estrategikoetan, herritarrentzat espazio berrien sorreran eta genero ikuspegiaren txertatze sistematikoan" jarri dutela fokua. Inbertsioetarako partidak izango badira ere, "gizarte zerbitzuetan eta herritarren ongizatean" lan berezia egingo dutela ere nabarmendu nahi izan dute.
3,7 milioi inbertsiotarako
Biharko bilkuran aztertuko duten proposamenean 3,7 milioi euro gorde dituzte inbertsioetarako. Gobernukideen esanetan, inbertsio horiek "herria eraberritzea eta eguneroko bizitza erraztuko duten espazio, zerbitzu eta baliabideak sortzea" izango dute helburu.
Inbertsioetan, proiektu nagusia Marianton parkea sortzea eta haren ingurunearen berrurbanizazioa izango dela azaldu dute. Guztira, 1.060.000 milioi euro erabiliko dituzte proiektu horretan, eta horietatik 965.500 euro datorren urtean bertan inbertituko dituztela adierazi dute.
Beste proiektu batzuei dagokionez, Erkibe etxeko lorategia berritzeko, eta hura Eusebio Gurrutxaga plazarekin lotzeko, 330.000 gordeko dituzte. Lan horiek datozen egunotan hastea aurreikusten dute. Haur parkeak berritzera, berriz, 50.000 euro bideratuko ditu aurrekontuen proposamenak, eta 243.000 euro Santiago hondartzako arrapala azpian komunak eta bestelako zerbitzuak prestatzera.
Dagoeneko abian dauden lan batzuk amaitu ahal izateko partida batzuk ere txertatu dituzte aurrekontu proposamenean: Komentuan, kultur ekitaldietarako ekipamendurako 400.000 euro, eta proiektu museistikorako 85.000 euro bideratuko dituzte; eta Moilaberriko tren geltoki zaharra, eta Juan Belmonteko Algorri zentroa eraberritzeko, bien artean, 1,2 milioi euro.
Lubaki kiroldegian, aldiz, ia 90.000 euro bideratuko dituzte, cyclingeko bizikleta berriak erosteko eta gimnasirako lau makina berritarako.
Aurrekontu proposamenean jasotzen dira, baita ere, 137.000 euro, "Torreagako sei etxebizitza udal ondarean" sartzeko, eta 637.000 euro etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko.
Lanketa genero ikuspegian
Genero ikuspegia udaleko politika guztietan txertatzeko lanketa berezia egingo dutela ere iragarri dute agerraldian. Zentzu horretan, kulturan, kirol arloan, gazterian edo Ludotekan "genero ikuspegia txertatzeko urrats esanguratsuak" emango dituztela aipatu dute.
Berdintasun Sailerako diru partida %18an igoko dute, 278.414 eurotara helduz. Bide horretan, Emakumeon Etxeari emango zaion diru partida igoko da, eta diru partida berriak sortuko dituzte, Berdintasun plana osatzeko, zein Hezkidetza mahaia dinamizatzeko.