Aita Mari auzoko lokal huts batean zentro sozialista egokitu zutela hiru urte beteko dira. Ordutik, jarduera desberdinak jarri dituzte abian Etxape zentroan, izan errefortzu eskolak, gimnasioa, erakusketak, bilerak edo zineforum saioak.
Abenduarekin batera, ekitaldi sorta antolatuko ditu Urola Kosta Kontseilu Sozialistak Etxaperen hirugarren urteurrena ospatzeko. Hala, bihartik, abenduak 1, ikusgai izango da Trantsizio garaia eta haustura politikoa izeneko erakusketa zentroan bertan. Irekiera 18:30ean izango da. Abenduaren 11n, berriz, ostegunean, Bizi-baldintzen okertzea: egoeraren analisia eta antolakuntzaren beharra mahai ingurua egingo dute. Antolatzaileen arabera, hainbat eragilek hartuko dute parte saio horretan.
Urteurreneko egun handia larunbata izango da, abenduaren 13a. Egun horretan, goiz osoan zehar izango dira ekintzak. 10:00etan, gaztetxoei zuzendutako jiu-jitsu entrenamendua egingo dute zentroko gimnasioan. 11:00etan, autodefentsa tailerra egingo dute, eta eguerdiko 12:00etan, Palestinaren aldeko pankarta saioa. Geroxeago, 14:00etan, "kulturarteko bazkaria" egingo dutela ere iragarri dute. Jatordu horretarako txartelak Nikol tabernan daude salgai.
Egun horretan bertan, hilaren 13an, neguko arropa eta manta bilketa ere egingo dute, goiz osoan zehar.