Gabonetako erakusleiho lehiaketan izena emateko epea zabalik da

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 1a

Koketak irabazi zuen lehen saria iaz. (Gertu)

Abenduaren 9ra arteko epea dute merkatariek lehiaketan izena emateko. Hurrengo egunerako eduki beharko dute erakusleihoa atonduta, eta gutxienez, hilaren 28ra arte mantendu. Bost sari banatuko ditu epaimahaiak. 

Gabonen bueltan erakusleihoak atondu ohi dituzte Zumaiako merkatariek, eta aurrerantzean ere horretan jarraitzea bultzatzeko, erakusleiho lehiaketa antolatu du beste urte batez Gertu merkatari eta ostalarien elkarteak. 

Lehiaketan parte parte hartu nahi duten establezimenduek aurrez izena eman beharko dute Gerturen  638 00 45 76 sakelako telefonora deituta edo WhatsApp bidez mezua bidalita. Posta elektronikoaren bidez ere izena emateko aukera izango da zumaiaelkartea@gmail.com helbidera idatzita. Izena emateko azken eguna abenduaren 9a da. 

Parte hartzaileek abenduaren 10erako eduki beharko dute prest erakusleihoa, eta abenduaren 28ra arte mantendu, gutxienez. Epaimahaia erakusleiho dekorazioan eta ikus-diseinuan adituak diren hiru kidek osatuko dute, eta bost sari banatuko dituzte. Irabazleak 200 euroko balioa duen erosketa txartela jasoko du, eta 100na euro jasoko dituzte ondorengo kategoriatan onenak direnek: originalenak, koloretsuenak, ondoen argiztatutakoak eta Gabonak egokien islatzen dituenak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide