Hondeamakinak Erkibeko lorategian dira jada. Zumaiako Udalak joan den astean iragarri zuen abenduarekin batera hasiko zirela eraikin horretako lorategia egokitzeko lanak, eta atzo, hilak 1, hasi ziren inguruko hormak eraisten.
Dena ondo bidean, lanak hiru hilabeteren buruan amaituko dituzte. Udalak azaldutakoaren arabera, Erkibe ingurua Eusebio Gurrutxaga plaza eta Ignacio Zuloaga plazen lotunea izango da, eta oinezkoen bidea erraztuko dute hala. Erkiberen aurrealdean dauden hondakin arrunten edukiontziak lekualdatu egingo dituzte lanek iraun bitartean. Organikoa, errefusa, ontzi arinak eta papera biltzeko edukiontziak Txomin Agirre kaian izango dira. Birziklapen etxola, berriz, Alai auzuneko Eroskiren parean ezarri dute.