Gabonetako jaiotzean eta Errege Magoen desfilean parte hartzeko izen ematea bihar itxiko da

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 3a

Jaiotzako etxola, Eusebio Gurrutxaga plazan. (Maria Maya Manterola)

Aingeruaren eta artzainen lanak egingo dituzten 7 eta 14 urte bitarteko zazpi haur behar ditu Udaleko Kultura Sailak. Bihar da zeregin horietan aritzeko izena emateko azken eguna.

Gabonen bueltan herrian egingo diren ekitaldiak antolatzeko lanetan ari da Udaleko Kultura Saila. Ohi bezala, abenduaren 24ko arratsaldean jaiotza antzeztuko da Eusebio Gurrutxaga plazan, eta urtarrilaren 5ean Errege magoen desfilea egingo dute herriko kaleetan zehar. 

Aipatutako bi ekitaldi horietan aingeruaren eta artzainen lanak egingo dituzten zazpi haur behar ditu antolakuntza, haur bat aingeru izateko, eta sei artzain bezala jaiotzan egoteko. Abenduaren 24ko ekitaldia 18:00etan hasiko da; urtarrilaren 5ekoa, berriz, 18:30ean.

7 eta 14 urte bitarteko haurrek eman ahal izango dute izena, 2011. eta 2018. urteen artean jaiotakoek, hain zuzen. Interesdunek Alondegia kultur etxean eman dezakete izena (943-86 10 56 / kultura@zumaia.eus). Antolatzaileen esanetan, "borondatezko lana izango da, baina egun horietako konpromisoa eskatzen da". Aukeratua izan, baina gaixotasunagatik edo bestelako kontuengatik agertu ezin duenari, aurrez abisatzea eskatzen zaio, kultura@zumaia.eus helbidera idatzita. Bihar da izena emateko azken eguna, abenduak 4.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide