Pedro Basurto zena oroitu dute Ataunen

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 4a

Nekane Basurto (Pedro Basurtoren iloba) eta Marina Bidasoro, Ataunen (Zumaiako Udala).

Larunbatean omendu zuten Pedro Basurto zena, Ataunen, memoria zikloaren barruan egindako ekitaldian. Gazte zumaiarra 19 urterekin fusilatu zuten. Oroimen ekitaldian izan zen Marina Bidasoro zinegotzia, udalaren izenean.

Joan den larunbatean gerraren ondorioak jasan zituzten herritarrak oroitzeko ekitaldia izan zen Ataunen (Gipuzkoa), eta zumaiar bat izan zen omendutakoen artean: Pedro Basurto, 19 urterekin fusilatutako gazte zumaiarra. Ataungo Udalak herriko zenbait eragilerekin antolatutako memoria zikloaren barruan egin zuten omenaldia, eta han izan zen Marina Bidasoro ere, Zumaiako Udalaren izenean. 

Zumaiarra zen jaiotzez Pedro Basurto, eta Gernika parkeko monolitoan ere ageri da bere izena. Zumaiako Udalaren hitzetan, halako ekitaldien helburua da iragana gogora ekartzea, gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin eta belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Norabide horretan, Zumaiako Udalak esan du azken urteotan sakondu nahi izan dutela memoria historikoaren lanketan, herri gisa gure historia modu duinean aitortzeko asmoz. 

Frankismo garaiko bizipenak, oroitzapenak eta giza eskubideen urraketen inguruko informazioa partekatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Telefonoz edo posta elektronikoz jasoko dituzte: 699 809 130 telefono zenbakira deituta, edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide