Asteartean izango da zumaiarren artean irakurketa sustatzeko egitasmoaren aurreneko hitzordua

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 6a

Liburuak.

Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira izenaren aterpean, Zumaiako Udalak lau saio antolatu ditu abendurako literaturaren bueltan, irakurketa "praktika erradikala, askatzailea eta herritarren pentsamendu kritikoaren iturri" gisa aldarrikatuz. Datorren astean izango dira aurreneko bi hitzorduak.

Datorren asteartean ekingo diote Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira izenaren aterpean antolatu duten literatura jarduerei. Irakurri matte irakurketa taldekoen hitzordua izango da, eta Danele Sarriugarteren Beste zerbait liburuaz ariko dira, idazlearekin berarekin. 18:00etan elkartuko dira Alondegian.

Hurrengo egunean izango da bigarren ekitaldia: Kuntzak eta kerak liburuaren irakurketa saioa egingo dute Sara Uribe-Etxeberria Atxurra idazlearekin, 19:00etan, Liburutegiko ganbaran.

Zumaiako Udaleko Kultura Sailak lau jarduera antolatu ditu abendurako. Izan ere, udalaren esanetan, irakurketaren sustapena funtsezkoa da herritar aktiboa eta pentsalarien komunitatea sendotzeko. 

Honakoak dira beste bi ekitaldiak:

  • Abenduak 16, asteartea — Liburuaren aurkezpena: Txillardegi hizkuntzalari, Markos Zapiain (18:30, Liburutegiko ganbaran).
  • Abenduak 18, osteguna — Ipuin kontaketa (+4 urte): Familia-albuma, Ana Apika (17:30, Haur liburutegian).

Urte osoko lana

Udalak azpimarratu du irakurzaletasuna indartzeko lana urte osoan zehar egiten duela, liburutegian eskaintza zabal eta eguneratua eskainiz, esaterako. Bide batez, gogorarazi nahi izan dute liburutegia zabalik dela herritar guztientzat, eta galdetzera edo jakin mina asetzeko bertaratzera gonbidatu ditu herritarrak.

Irakurri matte taldean parte hartzera ere gonbidatu ditu zumaiarrak; Uxue Alberdik gidatuta, hilero liburu baten bueltan elkartzen dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide