Orioko Saregile emakumeen etxean eskaintzen du sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua, eta aurrerantzean Zarautzen ere izango da, astean arratsalde batez.
Noiz erabaki zenuen horretan lan egitea? Zer dela eta?
Erizaintza ikasi nuen, eta horretan nenbilela, Medicusmundik eta EHUk sexu eskubideen eta eskubide ugalkorren inguruko ikastaro bat antolatu zuten eta hara joan nintzen. Han izan nuen lehen kontaktua sexologo batekin, eta orduan konturatu nintzen neska edo mutila izatea eta horien arteko harremanak ulertu zitezkeela beste leku batetik. Ikuspegi feminista batetik bakarrik ulertzen nuen nik ordura arte, baina ulertzeko beste modu bat deskubritu nuen. Karrerako azken urtea eta Sexologiako masterra batera egin nituen.
Ikuspuntu berri hori jende gehiagorengana iristeko egiten duzu lan?
Bai. Badago beste modu bat errealitate hau ulertzeko. Ikuspuntu sexologikoa ez da oso ezaguna, ezta oso zaharra ere. Ez dago sozializatuta, ez dago iruditeria kolektiboan. Eskoletan ere hori eskaintzen saiatzen gara.
Sexologia denaren ulerkera okerra al daukagu?
Baietz uste dut. Historikoki sexua genitalekin eta ugalketarekin lotu izan da. Ez bada horren inguruan asko arakatu, normala da sexologiaren ulerkera hori izatea: genitalen inguruko zientzia. Hor egon daiteke gaizki ulertua.
Sexu heziketak zer nolako eragina izan dezake geroko ongizate sexualean?
Ez badugu sexuaren inguruko lanketarik egiten, herentziaz datozen ideiekin biziko gara. Eta batzuetan mugatzaileak dira ideia horiek, ez digutelako ulertzen laguntzen zergatik garen emakumeak, gizonak, edo beste identitate batzuk. Zergatik dauzkagun desira batzuk edo besteak. Ideia mugatzaile horiekin desegoki edo arraro sentitu gaitezke. Sexu hezkuntzaren helburu nagusia denon arteko elkarbizitza on bat da.
Buru osasunaren eta ongizate sexualaren artean lotura handia al dago?
Bai. Buru osasunaren parte garrantzitsu bat da nola sentitzen zaren pertsona bezala gizartean, egokia sentitzen zaren, ez patologizatua... Eta beste parte bat da maitatua sentitu ahal izatea, desiratua, beste norbaitekin harreman polit bat izan dezakezun... Hori da denok nahi duguna, azken finean. Asko lagundu dezake. Depresio eta antsietate kasu asko hortik datoz; desiraren kontuarekin lotuta daude.
Jendea zertara joaten da zure kontsultara?
Bere burua ulertzen saiatzera, edo inporta zaion pertsona horrekin duen harremana hobetzen saiatzera edo harreman horretan ondo sentitu ahal izateko ahalegina egitera. Gizakiok zailtasunak izaten ditugu askotan, ez garelako jaio harremanen inguruko ezagutzekin. Beraien desira ulertu nahi izatea, desira hobeto kudeatu nahi izatea, harreman ereduen inguruko zalantzak eta abar izaten dira nigana jotzeko arrazoiak. Psikologiarekin lotzen du jende askok sexologia. Gure bizitzako esparru bat dela uste dute askok, psikologiaren barruko espezialitate bat, baina hori baino askoz ere gehiago da; gure izatearen, beharren eta desiren parte inportanteenetako bat da.
Zer kasutan gomendatuko zenioke pertsona bati sexologoarengana joateko?
Zailtasunak baldin badauzka ulertzeko, adibidez, gizon, emakume, ez bitar edo beste identitate baten parte den. Ez badaki bere burua nola definitu, zergatik den den bezalakoa... Askotan ulertzen dugu, esaterako, gizonak era batekoak direla eta emakumezkoak beste era batekoak, eta deserosotasunak sor daitezke neurri horietan sartzen ez bagara. Edo etor daitezke kontsulta egitera desiraren orientazioaren inguruko zerbaitez, bikote harremanetan sor daitekeen desira faltaz, batak guraso izatea nahi duenean eta besteak ez, etxean lanak nola banatu ez ez dakitenean...