Abenduaren 14an izango da klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 7a

Musikari gazteak, iazko klarinete laukoteen kontzertu lehiaketan. (Juan Luis Romatet)

Abenduaren 10a baino lehen beren abilezia erakutsi beharko dute parte hartu nahi dutenek bideoz. Finalera sailkatzen direnek abenduaren 14an emango dute kontzertua, Zumaienan.

Iaz bezala aurten ere, klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa antolatu dute musikari gazteentzat. Hain zuzen ere, abenduaren 14an izango da hitzordua, 12:00etan hasita, Zumaiena ikastetxean.

Lehiaketan parte hartzeko, izena ematearekin batera, klarinetearekin beren abilezia erakutsi beharko dute musikariek. Horretarako, grabazio bat –gehienez bost minutuko audioa edo bideoa– bidali beharko dute info@sasmusikaelkartea.com helbidera, laukoteko kideen izen-abizen eta kontakturako datuekin batera, abenduaren 10a baino lehen. Izena emateko epea amaitu eta 24 orduetara, finalera sartzeko jakinarazpena jasoko dute posta elektronikoz.

Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute musika ikasketak edozein Musika Kontserbatoriotan edo Musika Eskolatan egiten ari diren ikasleek, eta hiru kategoriatan jokatuko da: 8 eta 12 urte bitartekoak, 13 eta 16 urte bitartekoak eta 17tik 21era bitartekoak.

Sari ekonomikoa jasoko du laukote irabazleak, diplomarekin batera. 17-21 urtekoetan, gainera, laukote irabazleak Pariseko Buffet Crampon lantegia bisitatzeko aukera izango du, baita 2026ko udan Zumaiako Nazioarteko Musika Jaialdiaren baitan kontzertu ordaindua eskaintzeko aukera ere. Sari banaketa kontzertuen ondoren egingo dute, 13:15ean, Alondegian. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide