Greba deialdiarekin bat egin dute Zumaiako anbulatorioko sendagile batzuek

Juan Luis Romatet

Zumaiako Osasun Zentroa, gaur goizean. (Juan Luis Romatet)

Sendagileen kolektiboak lau eguneko greba deialdia egin du aste honetarako. Zumaiako Osasun Zentroko mediku plantillako kide batzuek bat egin dute lanuzteekin; besteek lanean jarraitu dute.

Euskadiko Medikuen Sindikatuak grebara deitu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako medikuak. Lanuzteak gaur, bihar, etzi eta datorren ostiralean egingo dituzte. Zumaiako Osasun Zentroko mediku plantillako kide batzuek bat egin dute deialdiarekin; beste batzuek, ordea, lanean jarraitu dute. Lanuzteetara sendagileak bakarrik daude deituta, eta ez osasun zentroetako gainontzeko langileak.

Grebaren xedea, Espainiako Osasun Ministerioak aurkeztutako Estatutuaren lege-aurreproiektua gaitzestea dela azaldu du grebarekin bat egitera deitu duen sindikatuak. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak ere babesa adierazi die sendagileen kolektiboari, eta adierazi du mobilizazio horiek "egoera jasanezin" batzuei erantzuten diela. "Herritar guztiek jasotzen duten osasun arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten lan baldintza duinen aldeko borroka dira", nabarmendu du elkargoak.  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide