Greba mugagabearekin jarraituko dute San Juan egoitzan

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 10a

San Juan egoitza. (Juan Luis Romatet)

Lurraldeko adinekoen sei egoitzatan ari dira greba mugagabea egiten, eta Zumaiakoa da eskualdeko bakarra. Sektoreko hitzarmena lortzeko negoziazioak geratuta, egoitza bakoitza kudeatzen duten enpresekin akordioak sinatzea dute langileek helburu. Datorren larunbatean lurralde mailako manifestazioa egingo dute Zumaian bertan.

Zumaiako San Juan egoitzan abiatutako greba mugagabea beste hilabetean luzatzea erabaki berri dute. Hasiera batean, datorren urteko urtarrilaren 19ko astera arte jarraituko dute adinekoen egoitzako beharginek grebarekin, bertako ordezkaritza sindikalaren gehiengoa duen ELA sindikatuak adierazi duenez. Une honetan, Gipuzkoako sei egoitzetako langileak daude greban, eta Zumaiakoa da Urola Kosta eskualdeko bakarra egoera horretan dagoena. 

2024an abiatu zituzten sektorerako hitzarmena lortzeko negoziazioa sindikatuek eta egoitza horiek kudeatzen dituzten enpresek. San Juan Egoitzako langile eta ELA sindikatuko ordezkari Maider Bollainek azaldutakoaren arabera, sektoreko azken hitzarmena 2008an sinatu zuten, eta ordutik ez dute berritu. Hura berritzeko negoziazioak hasi bazituzten ere, geratuta daudela ere adierazi du. "Aurtengo maiatzean egin genuen azkena, eta ordutik ez da mugimendurik izan", azaldu du Bollainek. Enpresen arabera, sindikatuen eskakizunak gehiegizkoak izan dira, eta horregatik eten dituzte negoziazioak. "Esan ziguten soldatak igoko zituztela, beti ere aldundiak enpresei emandako diru kopurua handitzen bazen", gogoratu du San Juan egoitzako langileak. 

Bide hori momentuz itxita ikusten dute, eta egoitzak kudeatzen dituzten enpresekin biltzeko saiakerak egin dituzte sindikatuek, "enpresako hitzarmenak lortzeko". Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabegokoak dira aipatu egoitzak, baina haien kudeaketa enpresa pribatuek eramaten dute, aldundiak azpikontratatuta. "Gure helburua sektoreko hitzarmen bat lortzea izango litzateke, baina haren faltan enpresako akordioa bilatzeko borrokan ari gara". Bere esanetan, grebarekin enpresa estutu nahi dute hark aldundiari hobekuntzak eska ditzan.

Enpresarekin lortutako azken hitzarmena 2024ko amaieran iraungitu zela azaldu du, eta ordutik hura berritzeko borondaterik izan ez dela ere salatu du. 

Soldatak igotzea, lan kargak arintzea eta lan baldintzak igotzea bakarrik ez, sektoreko langile askok pairatzen duten prekarietatearekin amaitzea ere bada helburuetako bat. Izan ere, egoitzetan lan egiten duten langile askok kontratu partzialak dituzte, eta denek ere %100eko kontratua edukitzea izango litzateke asmoa.

Manifestazioa larunbatean

Lan gatazka gizarteratzeko asmoarekin, protesta ekintza desberdinak egin dituzte. Hala, ostegunero biltzen dira, goizeko 11:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazak hartzen duen azokarekin batera. Datorren larunbatean, hilaren 13an, lurralde mailako manifestazioa egingo dute egoitzetako langileek Zumaian, 13:00etan hasita. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide