Bizi baldintzen okertzea izango dute aztergai, gaur Etxapen

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 11

Etxape zentroko sarrera. (Etxape zentro sozialista)

Mahai ingurua egingo dute arratsaldean, Etxape zentro sozialistaren hirugarren urteurreneko egitarauaren barruan. Herriko eragileek hartuko dute parte bertan.

Etxape zentro sozialista zabaldu zutela hirugarren urtea beteko da aurten. Urteurrena ospatzeko, egitaraua prestatu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Haren barruan, erakusketa zabaldu zuten zentroan pasa den astean. Larunbata izango da urteurreneko egun handia: jiu-jitsu entrenamendua, autodefentsa tailerra, Palestinaren aldeko pankartak egiteko saioa eta bazkaria izango dituzte etzi, Aita Mari auzoko lokalean.

Aurretik, gaur bertan, bizi baldintzen okertzearen inguruko mahai ingurua egingo dute zentroan. 18:30ean hasiko da jarduera, eta herriko sektore desberdinetako eragileak eseriko dira mahaiaren bueltan: Piztu kooperatibako kide bat, Etxapen bertan eskaintzen diren errefortzu eskoletako boluntario bat, GKN lantegiko ESK sindikatuko ordezkaria, Zuopa plataformako sendagile bat, pentsiodunen mugimenduko kide bat, eta, zaintza arloa ordezkatuz, Liken kooperatibako partaide bat. Denek ere, antolatzaileen arabera, egungo egoeraren analisia egin eta antolakuntzaren beharra nabarmenduko dute. 

Gaurkoa bezalako ekitaldi bat antolatzea Etxape zentroaren DNAn dagoela uste du Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kide Aitor Tena zumaiarrak. "Duela hiru urte, Etxape zentro sozialista zabaldu genuenean, Kontseilu Sozialistatik adierazi genuen espazio honek ekarpena egin nahi zuela langileriaren bizi baldintzen okertzearen aurkako borrokan", adierazi du. Zentroaren sorreratik, herriko "hainbat talderekin eta kolektiborekin" harremanetan izan direla ere gogoratu du, eta haietako batzuk gonbidatu dituzte mahai inguruan parte hartzera. Tenaren aburuz, "oso aberasgarria" izango da haien hitzak jasotzea, baita aztertuko duten okertzeak "langile klasearen eguneroko bizitzako eremu ezberdinetako errealitatean nola eragiten duen lehen eskutik ezagutzea" ere.

Hedabide honek berak duela gutxi plazaratutako datuak jarri nahi izan ditu Tenak mahai gainean. Albiste haren arabera, lurraldeko bizi maila handiena du Urola Kosta eskualdeak, eta Zumaiak bailarako handiena. Hala ere, Kontseilu Sozialistako kideak uste du sektore batzuek nabarmen egin dutela okerrera, eta bereziki, "soldata baxuak eta errenta txikiak dituzten langile klaseko familia askoren bizi baldintzek".

Egoera horren aurrean zer egin daitekeen aztertzea da gaurko mahai inguruaren xedea. Analisia egin eta gero, partaide bakoitzari eskatuko diote "hausnartzeko bizi baldintzen okertzearen aurrean zer garrantzia duen antolatzeak". Amaiera aldera, egun abian dauden "borrokak, dinamikak eta proiektuak" ezagutzeko aukera izango dute Etxapera joaten direnek, eta aipatu borrokek etorkizunean har ditzaketen formez eta izaerez ere jardungo dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide