Hiru jarduera izango dituzte Ludotekako erabiltzaileek datozen asteotan

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 11

Ludotekako erabiltzaileak, Txuri Urdinera egindako irteeran. (Ludoteka)

Familia giroan Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra izango dute Ludotekan datorren igandean, eta Txuri Urdin izotz jauregirako bi irteera urte amaieran. Izenak Ludotekan bertan eman beharko dituzte. 

Gabon garaiaren atarian, erabiltzaileei zuzendutako hiru jarduera antolatu ditu Zumaiako Ludotekak. Tailer batez eta Donostiarako bi irteeraz osatuko da urte bukaerara begira ondutako egitaraua. Denetarako ere izena aurrez eman beharko da, Ludotekan bertan. 

Datorren igandean, hilaren 14an, arratsaldean, 17:00etatik 19:30era bitartean, Gabonetako apaingarriak prestatzeko tailerra egingo dute. LH 1 eta 6 maila bitarteko haurren familiei zuzendutako ekintza izango da, eta izena emateko epea gaur bertan amaituko da. Ezinbestekoa izango da haurrak heldu batekin parte hartzea. Anai-arrena txikiagoek ere parte hartu ahal izango dutela ere adierazi du Ludotekak.

Urte amaieran, abenduaren 29an eta 30ean, Donostiako Txuri Urdin izotz jauregira irteera bana egingo dute. Hilaren 29koa Gaztegunearekin batera egingo dute; abenduaren 30ekora, aldiz, LH 1 eta 3 mailetako haurrak joango dira. Bien kasuan, abenduaren 12an itxiko da izena emateko epea. Prezioa pertsonako 9 euro izango da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide