Balenciaga ontziolako langileek ez dute inbertitzaileen erantzunik jaso

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 11

Balenciaga ontziolako langile talde bat, gaur, ontziolaren sarreran egindako agerraldian. (Urtzi Oteiza)

Langileek azaldu dute beren lan baldintzei eusteko helburuarekin proposamen zehatza aurkeztu ziotela inbertitzaileari azaroaren 12an. Haren erantzunik gabe jarraitzen dute oraindik, eta argi utzi dute ez dela langileen ardura erosketa eragiketa hainbeste atzeratzea.

Balenciaga ontziolako Langileen Batzordeak agerraldia egin du gaur, abenduak 11. Ontziolaren sarreran elkartu dira batzordeko kideak nahiz sindikatuetako ordezkariak, eta argi utzi nahi izan dute beharginak ez direla erosketa eragiketa atzeratzearen erantzule. Izan ere, azaldu dute lan baldintzei eusteko helburuarekin proposamen zehatza aurkeztu ziotela inbertitzaileari, eta gaur-gaurkoz haren erantzunik gabe jarraitzen dutela.

Uda hasieraz geroztik inbertitzailearekin izan dituzten gorabeherak aipatu dituzte Imanol Beloki LAB sindikatuko eta David Tejera CCOOko ordezkariek: haien hitzetan, uztailaren 22an eman zioten oniritzia inbertitzailearen eskaintzari, eta hura epaitegian aurkeztu zuten gero. Sindikatuen ordezkariek azaldu dute irailean eta urrian jakinarazi zietela aurrera zihoala operazioa, baina denbora gehiago behar zutela; bilera batera deitu zuten gero Langileen Batzordea Madrilen. "Batzordeak baztertu egin zituen inbertitzailearen baldintzak: zazpi kaleratze, eta soldatak %25 jaistea, kasu batzuetan %50 ere bai", azaldu dute. Nolanahi ere, lantaldeak, "erantzukizunez", inbertsio taldeari alternatiba bat eman ziola gogoratu dute: lan baldintzei eustea, hiru urtez soldata izoztuta. 

Inbertitzaileak idatziz ezarria zuen azaroaren 17ko astean erosketa formalizatzea, konkurtso administratzaileak Langile Batzordeari jakinarazitakoaren arabera, baina orain artean, behintzat, ez da halakorik gertatu. "Jasanezina" da egoera, langileen ordezkarien hitzetan: "Hilabeteak daramatzagu soldatarik jaso gabe, zorrak pilatzen eta gure familiak gogor jotzen dituen ziurgabetasuna bizitzen". 

Sektorearen etorkizuna jokoan

Zumaiako Udala izan ezik, gainerako administrazioen eta erakundeen laguntza ezak langileei bakarrik ez, sektore osoari eragiten diola nabarmendu dute: "Sektore estrategiko baten etorkizuna arriskuan jartzen du, hala nola, ontzigintzarena, ekonomiarentzat eta industriarentzat funtsezkoa dena". 

Beharginek duten konpromisoa azpimarratu dute beste behin. "Lan egin nahi dugu, egonkortasuna nahi dugu, gure bizitzekin duintasunez aurrera egiten jarraituko dugula bermatuko digun proiektu bat nahi dugu", esan dute. Beren lanpostuak bakarrik ez, langile berrienak ere defendatzen dituztela argi utzi dute, "etorkizun partekatuan eta proiektuarekin bat egiten dutenentzat aukerak bermatzeko beharrean" sinesten dutelako. 

Ulertezina zaie langileei eragiketa hainbeste atzeratzea: "Ez dugu ulertzen nola, jarduerari berriro ekin ahal izateko gauden bezain gertu egonda, oraindik ez diguten erantzunik eman egindako proposamenaren inguruan". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide