Antzerkiaz gozatzeko aukera izango da asteburuan Aita Mari aretoan. Guztira, bi antzezlan ikusteko aukera izango da, ostiralean helduentzat bat, eta haurrentzat beste bat igandean. Bietarako sarrerak aurrez eros daitezke sarrerakzumaia.eus webgunean.
Ados Teatroa antzerki konpainiaren 52 hertz antzezlana izango da gaur, 20:00etan hasita, Aita Mari aretoan. Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe, Dorleta Urretabizkaia eta Martxelo Rubio aktore dituen lana da gaur Zumaian ikusi ahal izango dena. Izenburuak azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako soinu bitxi baten frekuentziari egiten dio erreferentzia, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Baina balea urdinak 10 eta 39 hertzio arteko frekuentzian komunikatzen dira, eta “balea bakarti” honen ahotsa, 52 hertzioan bibratzen duena, espeziearen entzumen-mugatik kanpo geratzen da.
Igandean, berriz, eguerdiko 12:00etan, Logela multimedia konpainiaren Semaforoa antzezlana aurkeztuko dute. Eneritz Garciak eta Unai Eleizaldek antzeztutako lana, argiz, musikaz, bideo animazioz eta ustekabez betetako antzezlan bat da, non semaforoko izakitxoek bizitza propioa duten. Jolasaren eta parte-hartzearen bidez, haurrek, mundu dibertigarri eta magiko bat deskubrituko dute eta beraien irudimena martxan jarriko dute.