Borrokatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten atzo Etxapen egindako mahai inguruan

Erredakzioa 2025eko abenduaren 12a

Atzo Etxape zentroan egindako ekitaldiko irudia. (Utzitakoa)

Bizi baldintzek izan duten okertzeaz aritu ziren atzo Etxape zentro sozialistan egindako mahai inguruan. Ekitaldia Etxaperen hirugarren urteurreneko programazioaren barruan antolatu zuten. 

Etxape zentro sozialista zabaldu zutela hirugarren urteurrena ospatzeko, ekitaldi sorta antolatu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Programazioaren barruan, bizi baldintzek azken urteotan izan duten okertzeaz jardun zuten atzo arratsaldean, Etxape bertan egindako mahai inguruan. 

Herri zenbait eragile deitu zituzten gai horretaz jardutera, arlo edo sektore bakoitzetik bana: energia (Piztu), hezkuntza (Errefortzu eskolak), industria (GKN lantegiko ESK), osasungintza (ZUOPA), pentsioak (Pentsiodunen mugimendua) eta zaintza (Liken) arloetan aritzen diren sei herritarrek hartu zuten parte mahai inguruan. Arlo horietako errealitatea eta esperientziak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten atzo Etxapera bertaratu zirenek. 

Antolakuntzaren beharra eta borrokatzearen garrantzia azpimarratu zuten seirek ere. Zentzu horretan, bihar zaintza sektore langileek Zumaian egingo duten manifestaziora deitu zituzten bertaratutakoak. Ekintza 13:00etan egingo dute, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide