Duela urte batzuk erabaki zuten Klarinete maratoia gehiago ez antolatzea. Hala ere, hura antolatzen zuen Sapere Aude Sinfoniettak klarinete laukoteen lehiaketarekin jarraitzeko apostua egin zuen. Gaur egin dute aurtengo lehiaketa, eta bertan hamar laukotek izena eman bazuten ere, azkenean zortzik hartu dute parte.
Zumaienan aritu dira lehiaketara aurkeztutako laukoteak jotzen; sari banaketa, aldiz, iaz bezala, Alondegiko Oxford aretoan egin dute, ordu batak aldera. Ludoteka saria, Irati Manterolak, Eki Manterolak, Aner Elberdinek eta Jasmin Shittu Odigiek osatutako IJEA laukoteak irabazi du. Laukote honek Haendelen March from Judas Macabeus lana jo du.
Gaztetxola sariaren irabazlea Fantask laukotea izan da. Maider Vitak, Maia Vitak, Uxoa Aranberrik eta Uxue Mitxelenak osatuko dute taldea, eta Beethovenen About simph. nr. 7 lana jo dute.
Jaialdia saria ematerako orduan, zailtasunak izan dituzte epaimahaikideek. Sari banaketa ekitaldian adierazi dutenez, lau talde oso berdinduta egon dira, eta jotako piezen konplexutasunagatik eman dute saria. Hala ere, berdinketa izan da Gamber Quartet eta Corazón de melón laukoteen artean. Lehena Kepa Erkiziak, Leire Usabiagak, Martin Sanchezek eta Uxoa Aranberrik osatu dute, eta Templetonen Bach goes to the town obra jo dute. Bigarren laukoteko kideak Leire Usabiaga, Noa Petit, Uxoa Aranberri eta Uxue Mitxelena izan dira. Hauek, Jimenezen Corazón pieza jo dute.