Adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek manifestazioa egin dute gaur Zumaiako kaleetan. ELA sindikatuak deitutako protesta ekintza izan da, lurralde mailakoa, eta Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta amaitu da, herriko kaleak zeharkatu eta gero. Haren bidez, zaintzaren sektorean bizi duten prekarietatearekin eta soldata arrakalarekin amaitzea eskatu dute langileek.
Justu aste honetan bertan iragarri dute San Juan egoitzako langileek greba mugagabea beste hilabete luzatuko dute. Lurralde mailan neurri hori hartu duten sei egoitzetatik bat da Zumaiakoa. Bertan, 50etik gora pertsonak egiten dute lan, horietatik gehienak emakumeak.
Sektoreko hitzarmena lortzeko negoziazioak kateatuta, egoitzak kudeatzen dituzten enpresekin iraungita dauden akordioak berritzea eskatzen dute sindikatuak, eta hori da azarotik abian dauden greba mugagabeen xede nagusia. Soldatak eta lan baldintzak hobetzea, eta sektore langile askoten kontratu partzialak %100ekoak bihurtzea ere eskatzen dute. "Azken urteetan, lan kargak izugarri igo dira, egoiliarrak gero eta menpekotasun haundiagoa dutelako eta ratioak jaitsi egin direlako", adierazi du ELA sindikatuak.
Abenduaren 22 eta 23an, eta urtarrilaren 22 eta 23an, sektoreko greba berriak deitu dituzte. San Juan egoitzaren kasuan, langileek greban jarraituko dute urtarrilaren 23ra arte.