Uxategiko entsegu lokalak erabiltzeko deialdia zabaldu dute

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 16a

Uxategia.

Udalak bost entsegu lokal ditu Uxategia eraikinean. Espazio horiek erabiltzeko interesa duten musika taldeek abenduaren 29ra bitartean eman dezakete izena.

Uxategiko entsegu lokalak erabiltzeko deialdia zabaldu du Zumaiako Udalak urte amaierarekin batera. Aipatu lokal horiek erabili ahal izateko akordioa du udalak Dardara musika kolektiboarekin, eta hitzarmen horren arabera, urtero egin behar da deialdia. Hala, egun lokalak erabiltzen ez eta haietan sartu nahiko luketeen taldeek, baina baita gaur erabiltzen dutenek ere, izena eman beharko dute. 

Udaleko Kultura Sailak argitu duenez, lokal horiek herriko taldeei zuzendutakoak dira, eta haiek erabiltzeko taldekideen erdiak gutxienez Zumaian erroldatuta egon beharko du. Kasu guztietan ere, taldekideek Dardara kolektiboko kide izan beharko dute. Pertsonako 50 euroko kuota ordainduko dute. 

Izena emateko epea gaur zabaldu dute, eta abenduaren 29ra arte apuntatu ahal izango da. Izena ematerako orduan, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Alondegia kultur etxean:

  • Izen-emate orria behar bezala beteta (hemen eskuragarri).
  • Taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien kasuan).
  • Lokaletan egongo den materialaren inbentarioa (argazkiekin) eta balioa.
  • Dardararen kontu korrontean (ES27 2095 5174 95 10 74 75 1768) kuota ordaindu izanaren agiria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide