Aurten ere Gabon Abestien Lehiaketa antolatu du Erkibe kultur taldeak. Abenduaren 24an arituko dira haur taldeak kantuan, 18:00etan hasita, Eusebio Gurrutxaga plazan, Batzokiaren aurrean. Lehiaketarako izen ematea zabaldu du dagoeneko elkarte antolatzaileak.
Abesti saio horretan parte hartu ahal izateko taldeek, gutxienez lau haurrez osatuta egon beharko dute, eta ohiko euskal jantziak eramango dituzte soinean. Jaiotza ere eraman beharko dute beraiekin.
Talde bakoitzak bi gabon abesti kantatu beharko ditu. Bata taldekideek beraiek aukeratutakoa izango da, eta bigarrena, derrigorrez abestu beharrekoa, antolatzaileek aukeratuko dute. Aurten aukeratutako abestia Belengo herri polita izango da.
Bi sari mota emango dituzte antolatzaileek. Abestien kategorian, irabazleek 100 euroko balioa duen erosketa txartela jasoko dute, bigarrengoen 80 euroko bonoa, eta hirugarren sailkatuek 60 eurokoa. Abesti mailan saririk gabe geratzen diren taldeek 30 euroko ordainsaria jasoko dute. Talde bakoitzak aukeratuko duen abestiaren originaltasuna ere kontuan hartuko da sailkapena erabakitzerakoan.
Jantzi eta jaiotzari dagokien saria ere emango dute. Irabazleek 80 euroko balioa duen bonoa jasoko dute, bigarrengoek 60 eurokoa eta hirugarren sailkatuek 40 eurokoa. Saririk gabe geratuko diren taldeek 20 euroko saria jasoko dute.
Lehiaketan parte hartzeko izen ematea Batzokian emango da, horretarako jarritako zerrendan. Epea abenduaren 24an itxiko da, eguerdiko 12:30ean.