Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du udalak beste urte batez

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 16a

2025eko kartel lehiaketan aurkeztutako lanen erakusketa, Alondegian. (Zumaiako Udala)

Urtarrilaren 22a bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak, Alondegian kultur etxean. Bi sari banatuko dituzte: epaimahaiarena eta herritarren saria. Aurkeztutako kartel guztiak ikusgai izango dira otsailaren 15etik martxoaren 16ra artean Alondegian bertan.

Inauteriak iragartzeko, kartel lehiaketa antolatu du, urtero legez, Zumaiako Udalak. Zumaiarrei zuzenduriko lehiaketa da, eta aurreko edizioetan bezala, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere sortzaile bakoitzak.

"Zumaiako Inauteriak 2026" da kartelak nahitaez eraman beharreko testua, eta teknika librean sortu beharko dituzte lanak. Paperean eta digitalean, bietara aurkeztu beharko dituzte afixak parte hartzaileek, DinA3 (297x420mm) tamainan. Egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean eraman beharko dira Alondegira urtarrilaren 22a baino lehen, eta aurkeztutako kartel guztiak ikusgai izango dira gero eraikin horretan bertan, otsailaren 5etik martxoaren 16ra artean. 

Bi sari emango dituzte: epaimahaiak hautaturiko kartel irabazleak 300 euroko saria jasoko du, eta erakusketan jasoko diren botoen bidez erabakiko den herritarren sariaren irabazleak, berriz, 50 euroko balioa duen txartel bat jasoko du Gertu merkatari elkartearen parte diren dendetan erabili ahal izateko. Egile berberak ezin izango du irabazi hiru urtez jarraian; eta ezingo da izan egile berbera kartel irabazleduna eta herritarren saria irabazi duena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide