Gil Harush koreografoak Zumaian sortu eta ekoitzi duten Ibaia ikuskizuna izango da ostiralean, Aita Mari aretoan, 20:00etan hasita. Dantza ikuskizun gisa baino, antzezlan fisiko bezala definitzen dute obra, eta hura ikusteko sarrerak aurrez salgai daude sarrerakzumaia.eus webgunean.
Sei emakume aurkituko dira Aita Mariko oholtza gainean. Haietatik bost gorpuztutako pentsamenduak dira, eta seigarrena ibai bat izango da. "Obra mindfulness-en erabiltzen den esaldi batetik sortu dugu", zioen Sara Solaegi dantzari hondarribiarrak (Gipuzkoa) pasa den larunbatean Aita Marin bertan egindako entsegu saioan. "Esaldiak zera dio: 'Ezin baduzu ibaia ikusi, ibai barruan zaudelako da'. Ezin baduzu pentsamendu bat zure buruan ikusi, pentsamenduaren barruan zaudelako da", zioen ikuskizunean ibaia izango den dantzariak. "Ura ere obraren parte da, eta irudikatzen dugu pentsamendu bakoitza nola sartzen den ibaian, ibaia nola mugitzen duten, eta nola baretzen den berriro ere".
Duela urtebete ekin zioten Ibaia bihurtuko zen ikuskizuna sortzeari. "Gilekin dantza garaikideko klaseetan dantzatzen genuen", du gogoan Solaegik. "Mundu osoko opera etxe askotan lan egin eta proiektu askotan parte hartu du, baina gurekin ez zuen ezer egin, eta guretzako proiekturen bat sortzea proposatu genion", dio dantzariak. Egingarria zen ideia bat berehala sortu zitzaiola kontatu du Solaegik. "Ikerketa moduan, nahi zuen landu zer gertatzen den profesionalak ez diren dantzari batzuek lan profesional bat egiten badute. Eta hortik sortu zen pieza", gaineratu du.
Izan ere, ostiralean Aita Mariko agertokira igoko diren kideentzako lehen proiektu handia da. "Batzuek dantzatu izan dugu balleta edo dantza garaikidea, baina gure artean badago inoiz dantzatu ez duen jendea". Zentzu horretan, obra berritzailea dela nabarmendu du. "Badaude gauza asko inoiz egin ez ditugunak".
Prozesuaren parte
Protagonistek sormen prozesuan parte hartu dutela ere adierazi du Solaegik. "Gil koreografoa da, baina gure laguna ere bai. Azken finean, gu eroso egotea nahi izan du, prozesua guretzako erraza ez delako izan". Aberasgarritzat jo du prozesua, baina gogorra izan dela ere esan du. "Oso polita izan da ikustea koreografo batek pieza bat nola sortzen duen, gu barruan geundela". Dantzariaren esanetan, Harushek beraiek kontuan izanda hartu ditu erabakiak. "Oso ederra izan da ikustea bere buruak nola funtzionatzen duen, nola ulertzen dituen espazioak, eta dramaturgia aldetik, nola kontatzen duen istorioa".
Ostiraleko emanaldia berezia izango dela dio dantzariak. "Entsegu asko Torreberrin egin ditugu, eta bertan sortu dugu obra. Horregatik nahi genuen obra Zumaian erakutsi, herriari emanez herrian sortutakoa".