Urteko azken zine forum saioa izango da gaur Aita Mari aretoan. 19:00etan hasita, Zoljargal Purevdash zinemagilearen Si yo pudiera hibernar filma emango dute. Emanaldirako sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai, 5 euroan.
Sinopsia
Ulzii, 15 urteko gaztetxo bat, Ulan Batorren bizi da amarekin eta hiru anai-arrebarekin, jurta batean. Aitarekin joan ziren landatik hirira bizitzera, lan eta bizitza hobeen bila, baina, handik gutxira, gizona hil egin zen, eta ordutik aurrera emazteak zuen lau seme-alabak aurrera ateratzeko ardura. Ulzii mutiko azkarra da, eta matematikan eta fisikan bereziki trebea. Irakasle batek bultzatuta, lehiaketa baterako prestatzen ari da; izan ere, saria estatuko eskola onenetako batean ikasi ahal izateko beka bat da. Ama, ordea, landa eremura itzuliko da lan bila, eta Ulziiren ardurapean utziko ditu bere anai-arreba gazteak. Mutikoak etorkizun hobe baten alde borrokatu beharko du, Mongoliako negu hotzean familia zaintzen duen bitartean.