Noiz hasi zinen piraguan ibiltzen, eta nondik datorkizu zaletasun hori?
Txikia nintzela hasi nintzen, 9 urterekin edo, udan egiten diren ikastaroetan. Anaiarekin eta lehengusuekin joaten nintzen saioetara. Udako ikastaro horiek eta gero, klubean izen eman nuen, eta urte osoan zehar entrenatzen hasi nintzen. Geroago, piragua alde batera utzi eta eskubaloian hasi nintzen. Beti gustatu izan zitzaidan; beno, egia esan, kirol guztiak izan ditut gustuko, baina eskubaloia probatzeko gogoa nuen.
Gero, ezkondu egin nintzen eta haurrak izan nituen. Garai hartan beti egiten nuen zerbait: mendira joan, igerilekura eta halakoak. Alabak urtebete zuela kiroldegira joaten hasi nintzen: spinningeko klaseak hartzera, lagun batekin igeri egitera… baina entrenamenduak egiteari utzi nion. 2018an hernia bat izan eta gelditu egin behar izan nuen. Hobetzen hasi nintzenean, Joxema Balenziagak esan zidan piragua probatzeko berriro, ea on egiten zidan. Beldurra ematen zidan piragua batean sartzeak, ezin nuen makurtu, eta ez nekien nola lortuko nuen piragua batean sartu eta handik irtetea. Hala ere, kasu egin nion, eta probatzen hasi nintzen. Hasieran min ematen zidan, baina pixkanaka min hori gutxitzen joan zen. Lehengusina Izaskun Gonzalezekin joaten nintzen entrenatzera, hark ere bizkarreko arazoak baitzituen, eta biok batera buelta bat ematen genuen Zumaia inguruan. Horrela, pixkanaka lasterketetan parte hartzen hasi ginen: Gipuzkoako Txapelketan, Euskadiko Txapelketan… Gogoratzen dut lasterketa baten hasieran gaztez inguratuta geundela, euritan bustita, eta elkar begiratu ginela: "Zertan ari gara hemen?...".
Beteranoen kategorian lehiatzen zara. Normalean, kategoria minoritarioa izaten da hori kirol gehienetan, eta are gehiago emakumezkoen kasuan. Piraguismoan, zer egoeratan dago zuen kategoria?
Euskadin, adibidez, bi bakarrik gaudela esango nuke. Azkenean, lehiatzeko orduan desmotibazio puntu bat ematen du horrek. Lasterketan bertan gainerako neskekin lehiatzen gara, jubenilekin eta, baina gure kategorian gu bakarrik gaude gero saritzerakoan. Espainiako Txapelketara-eta joatean, ordea, hori aldatu egiten da; egia da kasu horretan jende asko dagoela emakumezkoen beteranoen kategorian –baita gizonezkoenean ere–, eta egunetik egunera gehiago gara, gainera.
2025eko azken denboraldi honetan garaipen asko eskuratu dituzu; ez dituzu irabazitako domina guztiak gogoan izango, agian... Zein izan da esanguratsuena zuretzat?
Ez dakit zenbat domina izan diren guztira. Ez da erraza bat aukeratzea, baina agian ilusio handiena egin didatenak Portugaleko Mundialean abiadurako proban lortutakoak izan dira. Ez nituen espero, orain arte ez dut abiadurako probetan parte hartu; uda honetan soilik ibili naiz arlo hori entrenatzen, eta horregatik egin zidan, agian, halako ilusioa. Ez nekien nola ibiliko nintzen, eta gainerakoen maila zein zen ikusita, gainera, ez nuen espero garaipen hori lortzerik.
Piraguismoan diziplina ezberdinetan aritzen zarete, baina egia da normalean jendea batean edo bestean espezializatu ohi dela. Zu, ordea, diziplina ezberdinetan ari zara lehiatzen eta garaipenak eskuratzen.
Niretzat piraguismoa oso kirol polita da modalitate ezberdinak dituelako, eta oso gustura aritzen naiz guztietan. Oso ezberdinak dira modalitate guztiak, bakoitzak bere ezaugarriak ditu.
Pistako eta ibaiko lasterketetan modalitate ezberdinak ditugu: abiadurakoak, 5.000 metrokoak, maratoiak… Abiadurakoak, esaterako, oso leherkorrak dira, eta nire adinarekin, gainera, beren zailtasunak dituzte. Denbora gutxian giharrak asko gastatzen dira, eta gero horri buelta ematea kostatu egiten da. Aurten, Espainiako Txapelketan eta lehen aipatutako Munduko Txapelketan lehiatu naiz modalitate horretan.
Itsasoan, bestalde, olatuak kontrolatu behar dituzu, eta hori ez da hain erraza. Ordu asko eskaini behar zaizkio, olatuak hartzen ikasi behar da, bata bestearekin lotzen… eta ni oraindik ikasten ari naiz hori guztia. Kasu horretan ere, oso ongi joan da denboraldia. Denboraldian zehar hobekuntza nabaritzen joan naiz olatuak hartzerakoan. Hainbat lasterketatan parte hartu dudan arren, aurten ez da Europako Txapelketarik izan. Munduko Txapelketa aurten jokatuko da, Hegoafrikan, baina ezin izango dut haraino joan eta parte hartu.
Modalitate guztietatik zein da gehien gustatzen zaizuna?
Ez dakit… Itsasoa niretzako modukoa baldin badago eta olatu onargarriak baldin badaude, asko disfrutatzen dut itsasoan; egunetik egunera gehiago, gainera. Baina maratoiak ere gero eta gehiago gustatzen zaizkit.
Horren guztiaren atzean entrenamendu askoko lana egongo da. Zenbat entrenatzen duzu?
Astean sei egunetan entrenatzen dut. Arratsaldez joaten naiz klubaren lokalera; 16:30ean-edo joaten naiz eta 20:00-20:30 aldera etxera joan arte bertan egoten naiz. Aurrena gazteak entrenatzen ditut, eta, gero, nire entrenamendua egiten dut, normalean nik bakarrik. Joxema Balenziagak jartzen dizkit entrenamenduak, eta Oier eta Eñaut Aizpurua ere gainean izaten ditut.
Zure entrenamenduak egiteaz gain, entrenatzailea ere bazara orduan, baita klubeko presidentea ere. Erantzukizun asko dituzu.
Bai, denbora asko pasatzen dut klubaren bueltan; arratsalde guztiak, gauza bat edo bestea dela. Presidente lanetarako laguntza handia dut; sei pertsonako komisio taldea dugu, eta guztion artean daramagu proiektua aurrera. Hutsune bat sortu zen karguan eta nik hartu nuen erantzukizuna, baina taldeko lana da.
Piraguismoari denbora asko eskaintzen diozu. Nola moldatzen zara kirola eta zure bizitza pertsonala uztartzeko?
Ematen duena baino errazagoa egiten zait, azken finean, familia guztia klubean sartuta baikaude. Etxeko lanak ere egin behar izaten dira, baina denon artean, ahal den moduan, moldatzen gara. Oraingoz, behintzat, ondo moldatzen gara denok afizio bera izanda.
Denboraz haratago, agian sakrifizio ekonomikoa ere eragingo du hainbeste lasterketatan parte hartzeak. Gauza jakina da kirol guztietan eta kategoria guztietan ez dela fluxu ekonomiko berdina izaten...
Beteranoen kategoriakoa soilik izan den Munduko Txapelketara, esaterako, nik nahi izan dudalako joan naiz. Beste kategorietan parte hartzeko, Espainiako selekzioko kide izan behar da ezinbestean, baina beteranoen kasuan irekia izaten da parte hartzea. Kasu horretan, beraz, nik ordaindu behar izan ditut gastuak, ez dagoelako nire parte hartzea bultzatzen duen selekzio edo federaziorik. Portugalen izan delako joan ahal izan nahiz mundialera; beste lekuren batean izan balitz, ez nintzatekeen joango. Lehengo urtean ere zortea izan nuen eta Madeirara joan nintzen, baina hurrengo urtean uste dut lehia bat Polonian izango dela eta bestea Argentinan; beraz, ezinezkoa izango zait joatea. Ez dugu babeslerik izaten, ez dugu izan oraindik behintzat, eta lehiaketetarako beharrezko ditudan piraguak eta materiala nireak dira, edo klubean ditugunak aprobetxatzen ditut bestela.
Datorren denboraldiari begira, zer helburu dituzu?
Orain hasiko gara entrenatzen. Ez dut helbururik, egunez egun ikusiko dut zer etorriko den. Beno, nire helburua aurten bezala entrenatu ahal izatea da. Ez daukat buruan lasterketarik; entrenatzen hasiko naiz, eta unea iristean ikusten badut lasterketa batera edo bestera joan naitekeela, joan egingo naiz, eta ezin badut, ez da ezer gertatzen. Entrenatzen jarraituko dut, horrekin disfrutatzen dut eta.