Sisi Chen (Jingzhou, Txina, 1987) ez da Zumaian jaioa. Txinan sortu zen, Hubei probintziako "herri" batean; "herri" dio berak, baina bost milioitik gora biztanle ditu Jingzhouk. 2016an iritsi zen Euskal Herrira, eta ia hamar urte eta gero, etxean sentitzen da Zumaian. Zumaiarrak ditu senarra eta bi semeak, eta kuadrilla ere badu herrian; bere kuadrilla, eta ez senarrarena. Horrek gauzak asko aldatzen dituela nabarmendu du.
Ia hamar urte daramatzazu Zumaian bizitzen eta bertan eraiki duzu familia. Nolatan?
Orain nire senarra dena lanagatik joan zen Txinara, eta han elkar ezagutu genuen. Bikote harremana hasi genuen, elkarrekin gustura geunden, batera egon nahi genuen, elkar hobeto ezagutu. Beraz, berak AEBetan ikasteko beka bat lortu zuenean, nik ere gauza bera egitea erabaki nuen. Senarra materialen ingeniaria da eta ni aeronautikakoa. Txinan egin nituen ikasketekin jarraitzeko beka eskatu nuen AEBetan, eta eman egin zidaten. Sekulako zortea izan genuen, bioi toki berean eman baitziguten beka. Orain pentsatzen jarrita, oso zaila da hori, ia ezinezkoa, baina halaxe gertatu zen. Horrela, aurrena bera joan zen AEBetara, Massachusettseko Worcerster hirira zehazki, eta handik hilabete batzuetara joan nintzen ni. Bi urte eta erdi egin genituen han, baina nazkatu egin ginen, eta handik alde egitea eta beste nonbaitera joatea erabaki genuen.
Nazkatu, zergatik?
Arrazoi askogatik: adinagatik, kulturagatik, herrialdea beragatik. Jokoz kanpo bezala ikusten genuen geure burua. Ordurako 26 urte nituen nik eta zortzi gehiago zituen nire senarrak; gure ikaskideek, berriz, 20 urte inguru zituzten, eta iritsi zen puntu bat ez ginena horren eroso sentitzen.
Adina bakarrik ez, kultura ere aipatu duzu.
Esango nuke, gauza askotan, Txina mutur batean dagoela eta AEBak bestean daudela, eta Euskal Herria, nolabait esatearren, bien tarteko puntu batean legoke. Zentzu askotan sentitu dut hori; adibidez, elikadura ohituretan. Txinan oso ondo eta osasuntsu jaten dugu, barazki eta fruta barietate handia daukagu; AEBetan, aldiz, penagarri jaten dute, eta zaila da osasuntsu jatea bera ere. Jendearekiko harremanak ere oso ezberdinak dira; AEBetan etxe bakarrak dira asko eta bizitza askoz bakartiagoa egiten dute. Txinan eta hemen, aldiz, kalean denbora gehiago pasatzen du jendeak, tratu gehiago izaten duzu ingurukoekin, eta jendearekin harreman gertukoagoa izate horrek bizitza atseginagoa egiten du, normalean behintzat. AEBetan 18:30ean inor ez dago kalean, eta hemen, 18:30ean, jendea kalera irten egiten da. Oro har, hemengo ohiturak eta Txinakoak askoz antzekoagoak dira, AEBetakoak eta Txinakoak baino.
Zer esan nahi duzu, agian aldaketa handiegia izan zela Txinatik AEBetara bizitzera joatea?
Beharbada bai. Ordura arte Txinatik sekula irten gabea nintzen, eta bat-batean AEBetan bizitzen ari nintzen; mutur batetik bestera joatea bezala izan zen. Damurik ez dut, asko ikasi bainuen esperientzia hari esker, baina momentu batzuetan gogorra izan zen eta han nahikoa denbora egindako sentipenarekin bukatu nuen.
Nora joan zineten AEBetatik alde egin zenutenean?
Gure asmoa zen lan bila hasi aurretik atseden pixka bat hartzea, eta atsedenaldi horretan, apur bat bidaiatzea eta mundua ezagutzea; baina horietako ezer ez genuen egin. Artean Euskal Herria ezagutzen ez nuenez, AEBak utzi genituenean hona etorri ginen, eta iritsi orduko, hilabete bat baino lehen, Azpeitiko Biele Group enpresatik deitu zidaten lana eskaintzeko. Kasualitate handia izan zen. Bielek garai hartan lau edo bost proiektu saldu zituen Txinan, eta hizkuntza eta lan arloa menderatzen zituen norbaiten bila zebilen; eta ni nintzen hori.
Iritsi orduko, lanera; bat-bateko lurrartzea egin behar izan zenuen, beraz. Nolakoa izan zen egokitzea?
Erraza ez. Txinera eta ingelesa hitz egiten nituen, baina euskaraz eta gaztelaniaz hitz bat bera ere ez, eta, gainera, dezente denbora behar izan nuen bi hizkuntza horietan moldatu ahal izateko. Pentsa, Bieleren 50 urteetan, enpresan lanean aritu zen lehen atzerritarra izan nintzen. Eta zentzu horretan, proba moduko bat ere izan nintzen. Hasieratik lasaitasuna helarazi zidaten, eta saiatzeko eskatu, jakitun baitziren egokitzeko zailtasunak izango nituela. Bazekiten hasieran behintzat ez nintzela nire onena emateko gai izango, baina uste zuten atzerritar bat enpresan jarduteak onurak ere ekarriko zizkiela, besterik ez bazen ingelesa praktikatu eta hobetu behintzat egingo zutela. Horrelaxe hasi nintzen, eta oztopoak oztopo, esango nuke gauzak ondo joan direla, oraindik toki berean jarraitzen baitut lanean.

Bieleko langileak ingelesez hitz egiten jarri omen zenituen, ezta?
Hala da, bai; izan ere, nahiago zuten ingelesez gaizki hitz egin, gaztelaniaz jardun baino. Euren artean euskaraz egiten zuten, nirekin ingelesez, eta gero, azken aukera gisa, gaztelaniaz. Nik parte hartzen nuen bilera guztiak-eta ingeles hutsean egiten genituen, eta hori horrela izan zen denbora askoan, lau bat urtez edo. Graziosoa zen ikustea bi azpeitiar elkarrekin ingelesez hitz egiten.
Urteekin, baina, euskara eta gaztelania, biak, ikasi dituzu.
Oraindik badut zer hobetua, baina moldatzen naiz, bai. Enpresan gaztelania ikasteko irakaslea jarri zidaten, eta euskara, berriz, euskaltegian, familian eta kalean ikasi dut. Zumaia herri oso euskalduna da eta nire senarraren familia zer esanik ez. Hasiera-hasieratik behin eta berriz esaten zidaten euskaltegian hasteko; aurrena euskara ikasteko eta gaztelania ikasiko nuela, eta orain konturatzen naiz arrazoia zutela.
Kasurik egin al diezu? Ibili al zara euskaltegian?
Bitan egin dut saiakera. Aurrenekoa, ama izan aurretik, 2017an izan zen. Zumaiako euskaltegian hasi nintzen, astean lau egunez, egunean lau orduz, baina arazo bat nuen, euskara gaztelaniaz irakasten zutela, eta nik ez nekiela ez bata eta ez bestea. Mesa mahaia zela esaten zidaten, baina nik ez nekien ez zer zen mesa eta ez zer zen mahaia; ez nuen ezer ulertzen. Nik euskara txineraz edo ingelesez irakastea behar nuen, eta ez gaztelaniaz. Gainera, garai hartan, lanagatik, asko bidaiatu behar izaten nuen, Txinara joan-etorrian ibiltzen nintzen beti, euskaltegiko saio batetik bestera bost unitate aurreratuta izaten zituzten ikaskideek. Atzo zer moduz zaude? ikasten ari ginen, eta gaur nor-nori-nork taula. Ikusten nuen ez nuela aurreratzen, eta nekatu egin nintzen.
Bigarren saiakera hobeto joan al zen?
Amatasun baimenarekin nengoela egin nuen bigarren saiakera, denbora gehiago izango nuela pentsatuta, baina ez zen hala izan. Hizkuntza bat ikasten ari zarenean, iristen da puntu bat aurreratu nahi baduzu kontzientziaz ikasten jarri behar duzuna. Eguneroko kaleko elkarrizketa txikietan eta garrantzitsuak ez diren gauzez hitz egiteko molda zaitezke, baina aurrerapenak nahi badituzu, gogoz ikasten jarri beharra dago, liburuak hartu eta gramatika eta hiztegia ikasten, eta horrek denbora eskatzen du, denbora asko.
Etxean nola hitz egiten duzue?
Senarrarekin ingelesez eta semeekin nik txineraz eta senarrak euskaraz. Seme zaharrena galdera interesgarriak egiten hasi da orain, adibidez, koheteez-eta galdetzen, eta nik, azalpenak ondo emateko, txineraz jardun beharra daukat, ez bainaiz gai gauza horiek azaltzeko ez euskaraz, ez gaztelaniaz eta ezta ingelesez ere.
Herrian zer moduz sentitzen zara? Ondo egokitu al zara?
Baietz esango nuke. Nire kuadrilla ere badaukat orain, nirea, eta ez senarrarena; beno, kuadrilla edo, lagunak bai behintzat. Lehen beti senarraren kuadrillakoekin ibiltzen nintzen, eta gaizki ez nintzen ibiltzen, baina orain neure lagunak ditut, eta geure planak egiten ditugu.
Hizkuntzak zenbaterainoko garrantzia izan du horretan?
Handia, nik uste. Orain dela gutxira arte ez zitzaidan gustatzen gaztelaniaz hitz egitea eta jendeak nirekin ingelesez hitz egiten zuen. Konturatu naizena da, ordea, jendearekin ingelesez hitz egite hori lagun minak egiteko oztopo bat izan dela. Izan ere, ingelesez ari banaiz, sekula ez naiz iristen jendearekin kontu serioez, sakonez eta benetan inporta dutenez hitz egitera; azaleko elkarrizketetan geratzen gara beti, eta, momentuz, gauza bera gertatzen zait euskararekin ere, nahiz eta nahiko nukeen denborarekin hori aldatzen joatea. Badakit gaztelania ez dela hemengo hizkuntza eta jendea askoz erosoago sentitzen dela euskaraz hitz egiten, baina denek menderatzen dute gaztelania, eta horrela komunikatzen hasi garenean, beste maila bateko lagunak egitea lortu dut.
Noizko kontua da hori?
Azken urteotakoa. Lehen Txinara joan-etorrian ibiltzen nintzen, baina pandemia garaian hori bukatu egin zen, eta harrezkero, askoz gutxiago joaten naiz hara eta askoz gehiago Alemaniara, Espainiara eta abar. Lehen bezeroekin txineraz edo ingelesez komunikatzen nintzen, baina azken urteotan gaztelaniaz askoz gehiago hitz egin beharra egokitu zait, eta praktikatzeari esker, erraztasunez jardutea lortu dut. Eta batak bestea ekarri du, hitz egiteak lagun minak egitea hain zuzen. Haurdun nengoela ezagutu nituen gaur egun nire kuadrilla direla esaten dudan lagunak. Erditzea prestatzeko eta erditu osteko saioak zirela, jolastokiko egonaldiak zirela... elkarrekin denbora dezente pasatzen hasi ginen, eta azkenean, geure planak egiten ere bai, lagun minak bihurtu arte.
Garrantzitsua al da zeure kuadrilla izatea?
Hala iruditzen zait niri. Lehen senarrak lagunekin planak egiten zituen mendira joateko eta, eta berak plana zuenez, ni umeekin geratzen nintzen. Orain, ordea, nik ere nire planak egiten ditut, nire lagunekin, eta egia esan, plan horiek arnasa ematen dute eta egunerokoa gogoz hartzeko indarra ere bai.
Hemengo jendeak atzerritarrekiko eta, zehazki, txinatarrekiko aurreiritzi asko al ditu?
Bai, baditu, zalantzarik gabe. Behin baino gehiagotan entzun behar izan dut zein jatetxetan edo zein dendatan lan egiten dudan, txinatar guztiok hala egingo bagenu bezala. Oraindik ere asko harrituta gelditzen dira aeronautikako ingeniaria naizela erantzuten diedanean.
Esan duzu, lanagatik, lehen asko joaten zinela Txinara. Familia bisitatzera ere askotan joan al zara azken hamar urteotan?
Pandemia garaian ezin izan nuen, baina bestela saiatzen naiz joaten. Seme txikienak 3 urte bete ditu aurten, sekula Txinan izan gabea zen, eta aurten joan gara biok. Nire ama hemen zegoen, denboraldi bat pasatzera etorri zen umeekin-eta laguntzeko, baina antzemana nion etxera itzultzeko gogoa zuela, normala den bezala, eta hirurok joan ginen eta ama han utzita bueltatu ginen Zumaiara. Eta aurten seme txikienarekin joan naizen bezala, iaz zaharrenarekin izan nintzen.

Bueltatuko al zinateke Txinara bizitzera?
Izatekotan, semeengatik itzuliko nintzateke. Buruan bueltaka darabilkit Txinara denboraldi baterako bizitzera joateko ideia, baina ez dakit egingo dugun. Orain, gauzak ez daude oso ondo Txinan, herrialdeko ekonomia ez dago garairik onenean eta jendea, oro har, triste nabaritzen dut. Nik uste hemen, Zumaian, hobeto bizi naizela han biziko nintzatekeena baino. Gainera, umeak gustura bizi dira hemen; lagunak dituzte, herrira eta hemengo bizimodura eginda daude, zoriontsu ikusten ditut, eta hara joatea aldaketa handia izango litzateke. Hala ere, joatekotan, eurengatik joango ginateke, hezkuntzagatik, hizkuntza ondo ikas dezaten eta hango kultura bertatik bertara ezagutu dezaten. Senarra eta biok horretaz hizketan aritzen gara tarteka, lanerako aukera oso onen bat suertatuko balitzaigu urtebeterako edo bi urterako joateko aukeraz hain justu, baina ikusiko dugu.
Sorterriaren falta handia sumatzen al duzu?
Ez pentsa, hemen oso ondo bizi naiz. Nola ez, familiaz asko gogoratzen naiz, eta hango janariaren falta sumatzen dut, baina besterik ez.
Familia eta janaria aipatu dituzu, baina hango lagunak zer, ez al duzu haien faltarik? Eusten al diozu harremanari?
Elkarrengandik horren urrun egonda, ez da erraz-erraza ere; tartean behin hitz egiten dugu elkarrekin, baina, egia esan, askorik ez. Txinara denboraldi baterako joango bagina, betiko lagunekin harremana berrartzeko aukera izango nuke, eta neurri batean, horrek ere tentatzen nau. Izan ere, bisitan joan izan naizenetan, egon izan naiz haiekin, baina ez nahiko nukeen bezainbeste, bata bestearengandik urruti baitaude. Han, normalean, ikastera hiri handietara joaten da jendea, eta behin ikasketak bukatutakoan, hantxe gelditzen dira, ez dira berriz herrira bueltatzen bizitzera. Beraz, bakoitza punta batean bizi da, probintzia banatan, eta hara joanda ere ez da horren erraza denekin egotea. Azkena han izan nintzenean, hiru lagun minekin egon ahal izateko, hilabete batean hiru bidaia egin behar izan nituen herrialdean barrena. Hemen ere gertatzen da bat Madrilera ikastera joan eta han bizitzen gelditzea, baina gutxiago; denboraldi bat kanpoan egin eta gero, etxera bueltatzeko joera handiagoa du jendeak.
Zumaian etxean sentitzen al zara?
Orain, bai, baina egia aitortzeko, urte askoan sentitu naiz bidaiatzen ari banintz bezala. Familia izateak, ordea, hankak lurrean jarri dizkit, eta orain Zumaia etxea sentitzen dut; herrian integratuta sentitzen naiz.
Zer da Zumaiatik gehien gustatzen zaizuna?
Mendia eta hondartza, biak, etxe hondoan izatea, eta ilunabarrean zeruak hartzen dituen koloreak. Itsasargira edo Santiago aldera pasieratxo bat egitea bezalakorik ez dago estresari eta antsietateari aurre egiteko.
Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Denei azalpenak eman beharra. Azken finean, Zumaia ez da herri txiki-txikia, baina handia ere ez; denok ezagutzen dugu elkar, edozein edozertaz galdezka etortzen zaizu, etxeko kontuez-eta esan nahi dut, eta egun txarra duzunean, azalpenak emateko gogo gutxi izaten da. Eta beste zerbait aipatzekotan, aisialdiko aukera falta esango nuke. Egia da Zumaian jarduera asko antolatzen dituztela eta beti egoten dela zerbait egiteko, baina, agian, kostatu egiten zait gustukoak topatzea.