Euskadiko Anguleroen Elkarteak epaitegietara jotzea erabaki du angularen arrantzaren debekuaren aurrean

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 19a

Angula motorrak Orion, errioan. (Guka)

Eusko Jaurlaritzaren dekretua kautelaz etetea eskatuko du elkarteak, "bidegabea" dela iritzita. 

Eusko Jaurlaritzak 2025-2026 denboraldiko angula kanpaina bertan behera uzteko dekretua onartu du aurten, eta horren aurka azaldu da behin baino gehiagotan Euskadiko Anguleroen Elkartea, erabakia "bidegabea" delakoan. Orain, elkarte horrek erabaki du epaitegietara jotzea, zehazki Bilboko Justizia Jauregira, eskatzeko dekretua kautelaz eten dezatela. 

Unai Eizagirre elkarteko presidenteak azaldu duenez, elkarteak bilera eduki du aste honetan bertan Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuarekin, Leandro Arrantza sailburuordearekin eta Ixone Soroa Arrantza zuzendariarekin, baina bileratik etsita atera dira elkartekoak, "hutsala" izan delako, eta horregatik erabaki dute pauso bat harago jotzea: "Bilerara deitu gintuzten, baina ez zuten inolako konponbide proposamenik jarri mahai gainean, ez arrantzari buruzkorik, ez diru laguntza arlokorik. Soilik esan ziguten kudeaketa plan berria egin beharra dagoela eta gu bertan egotea nahi zutela. Ados gaude plana egitearekin, baina espero genuen zerbait zehatzagoa esango zigutela".

Eizagirrek azpimarratu du beren elkarteak "txeke zuririk ez" duela emango, eta Jaurlaritzaren jarrera ikusita, epaitegietara jo beste erremediorik ez dutela ikusi. "Guri dena debekatu digute, baina inguruko guztiek arrantzatzen jarraituko dute berdin-berdin: Marokok, Galiziak, Portugalek, Asturiasek, Frantziak... Azken horrek 65 tona harrapatzen ditu, eta hementxe dugu Aturri ibaia", salatu du oriotarrak. 

Arrantza jasangarriaren alde

Euskadiko Anguleroen Elkarteak uste du posible dela angulen arrantza jasangarria, eta arrantzaleak "soluzioaren parte" direla nabarmendu dute. Proposamen zehatza ere badute, angulak harrapatu eta ibaien goiburuetan askatzea, aingira bihurtu arte, eta ondoren, aingirei itsasora bueltatzen laguntzea. "Ez da guk esaten dugulako, Europak ere esan egiten du hori egin behar dela, baina hemen inoiz ez da egin", esan du Eizagirrek.

Ibaietan gaur egun dauden oztopoetan ere egin dute azpimarra: "Adituek diote angula gutxi iristen dela ibaien goiburuetara; noski, Oria ibaian, esaterako, 24 zentral hidroelektriko daude, eta beraz, angulak 24 horma igo behar ditu. Hori errazten ez den bitartean, angula gutxi iritsiko da naturalki iritsi beharko lukeen tokira". Egungo egoeraren aurrean, epe motzeko eta epe luzeko ekintzak behar direla uste du anguleroen elkarteak: "Europak dio ibaiak naturalizatu egin behar direla, eta guk ere horixe nahiko genuke, baina badakigu ez dela erraza, eta ulertzen dugu gobernu batentzat epe luzerako lana dela, diru asko kostatzen dena. Horregatik, bitartean zergatik ez diogu angulari lagunduko bide hori egin dezan?". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide