Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana, onartuta

Mireia Galarza Bastida 2025eko abenduaren 19a

Atzo arratsaldeko ohiko bilkura.

EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin egin du aurrera planak. EAJ abstenitu egin zen, "balio handiko eta beharrezko" hainbat proposamen "kanpoan" utzi dituztela azpimarratuta. 

Atzo arratsaldean egin zuten urteko azken ohiko bilkura udaletxeko pleno aretoan, eta hizketagai izan zuten bertan Zumaiako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana. Zehazki, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko bozkekin behin betiko onarpena eman zioten, eta abstenitu egin zen EAJ. 

Argi Yeregi Hirigintza zinegotziaren arabera, plan horrek ardatz "nagusi" bat du, "oinezkoa erdigunean jartzea". Bere esanetan, Zumaiak eta herri guztiek "adin eta gaitasun guztientzako espazio publiko seguruagoa, atseginagoa eta inklusiboagoa" eraikitzea eskatzen dute, eta hor, pisu handia du trafikoaren nolakotasunak eta produktibitatearen lehenesteak. "Egun, autoen presentzia etengabeak eta asfaltuz betetako azalerek herritar zaurgarrienen autonomia mugatzen dute, eta kaleak bizitzarako gune izatetik arriskuz eta kutsaduraz betetako espazioak bihurtu dira", gehitu zuen Yeregik. 

Zentzu horretan, "paradigma aldaketa" ahalbidetzen duten erabakiak hartu behar direla gehitu zuen, "kaleak, berriro ere, bizitzeko izateko". Eta zera nabarmendu zuen: "Plan hau ez da autoen aurkakoa, pertsonen eta komunitatearen osasuna, jasangarritasuna eta kohesioa hobetzeko modurik eraginkorrenetakoa baizik". Oposiziotik jasotako ekarpenei buruz ere mintzatu zen Yeregi. Berak azaldutakoaren arabera, "arretaz" aztertu dituzte alegazioak, eta oinezkoen herriaren ikuspegia "indartzen" duten ekarpenak onartu dituzte, ez, ordea, horien kontra doazenak. Gainera, udalaren eskumena ez diren eta ekarpen "errealista" moduan hartu ez dituzten alegazioak ere -5 urteko planean sartzeko modukoak ez direnak- ez dituzte txertatu.

Beharrezko proposamenak, kanpoan 

Iker Mardaras EAJko zinegotziak hartu zuen jarraian hitza. Bere esanetan, hainbat arrazoi daude beraien abstentzioaren atzean. Horietan lehehengoa da "planaren atzerapen nabarmena". Jeltzaleen esanetan, ia bost urteko atzerapena du plan honek, "planak 2021 baino lehenago onartuta egon behar zuelako".

Guztira, 23 alegazio aurkeztu dituzte EAJko kideek, eta udal gobernuak horietatik sei onartu baditu ere, "balio handiko eta beharrezko" hainbat proposamen "kanpoan" utzi dituztela azpimarratu zuen Mardarasek: hiri eraldaketarako ardatza sortzea, geltoki intermodala ETSko geltokiaren inguruan, disuasio aparkalekuen beharra kuantifikatzea eta horien kokapena zehaztea, Alaiko espaloiak zabaltzea eta Txomin Agirre eta Pulpo arteko zebrabidea zabaltzea. Gainera, jeltzaleek kezka agertu zuten planaren exekuzio mailarekin: "2026ko aurrekontuetan ez dute partidarik txertatu eta hirigintzako programen azalpenetan ez dago plan honen garapen helburuen inolako aipamenik. Gure ustez, badaude epe laburrean egingarriak diren ekintzak, bizikleta aparkaleku eta karga puntuena". 

Horri erantzunez, Iñaki Ostolaza alkateak gehitu zuen hurrengo urteetan denbora izango dutela plan honetako ekintzak txertatu eta horrekin aurrera egiteko. Duñike Agirrezabalaga PSE-EEko bozeramaileak ere ideia bera defendatu zuen, eta aldeko botoa eman zion Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planari. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide