Gaur eguerdian eskaini du Zumaiako Udal Musika Bandak Gabonetako kontzertua. Caritasen aldeko hitzordu solidarioa izan da, elkarte horri bideratuko baitiote Zumaiena areto kanpoaldean jarri duten kutxan bildutako diru guztia.
Kontzertuan zehar askotariko doinuak entzuteko aukera izan dute bertaratu direnek, hala nola A Christmas Dance Party, edo A Jazzy Christmas. Bertako abestiak ere interpretatu ditu Zumaiako Musika Bandak, tartean, Olentzero edo Hator Hator. Gainera, horietan ez dira bakarrik aritu, musika eskolako kantu koraleko ikasle gazteez gain, Korokoiak, Sutrikek, Gabon Koroak eta San Pedro abesbatzak ere lagundu baitie.
Bere aldetik, Caritaseko ordezkariak ere igo dira oholtzara, eta musika bandari zuzendutako esker oneko hitzez gain, gogoratu nahi izan dute laguntza behar izanez gero, beraiek horretarako prest egongo direla aurrerantzean ere: "Norbait ezagutzen baduzue, lasai etor dadila, eta zuek elkarten lagundu nahi baduzue ere ateak irekita ditugu".