Eider Rodriguezen 'Dena zulo bera zen' ipuin bildumarekin hasiko du urtea Irakurri Mattek

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 23a

Artxiboko irudian, Eider Rodriguez idazlea.

Irakurri Matte irakurle taldeak urteko lehen hiruhilekoan landuko dituzten liburuen berri eman du. Urtarrilaren 13an izango dute lehen hitzordua, 18:00etan, Alondegiko Moila gelan. 

Irakurri Matte irakurle taldeak dagoeneko jakinarazi du negu honetan zein liburu irakurri eta landuko dituzten. Urte berria Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen ipuin bilduma hizpide hartuta hasiko dute, eta urtarrilaren 13an elkartuko dira horretarako.

Beste lau liburu ere izango dituzte hizpide maiatza amaitu bitartean: otsailaren 10ean Jon Artanoren Juana aztertuko dute, idazlea bertan dela; martxoaren 10ean, Bernardo Atxagaren Enarak eleberria; apirilaren 14ean Maddi Ane Txoperena idazlearekinn batera landuko dute Zaldi bat eleberria; eta, ikasrturtea bukatzeko, maiatzaren 12an, Han Kang idazlearen Barazkijalea izango dute hizpide.

Uxue Alberdi idazle eta literaturzaleak gidatzen duen irakurle taldeak hamahirugarren ikasturtea izango du aurten. Hilabetean behin Alondegiko Moila gelan bildu izan dira taldekideak, irakurritakoak norberari zer ekarri eta iradoki dion partekatzeko. Astearteetan egiten dituzte saioak, 18:00etan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide