Gutuna

81 urteko ibilbidea duen Gabon Korua

Zumaiako Gabon Korua 2025eko abenduaren 24a

Zumaiako Gabon Korua.

Gabon eguna da gaur, eta ohiturei jarraituz, kalez kale ibiliko da arratsaldean Amaia Aldalurrek zuzendutako abesbatza. Duela 81 urte hasi zuen ibilbidea Zumaiako Gabon Koruak, eta gaurko ospakizunaren harira, hurrengo gutuna helarazi dio Zumaia Gukari. 

Gerra osteko Zumaia beste herri bat zen. Gosea, gaixotasuna eta hutsunea egunerokoaren parte ziren, eta tuberkulosia bezalako gaitzek markatzen zuten herriko familia askoren bizitza. Asteasuko Andazarrateko erietxean zeuden bederatzi ume zumaiar, Gabonak ate joka zirela, eta herrian ez zegoen oparirik egiteko aukerarik. Orduan, herriko mutil talde bati ideia xume baina handia bururatu zitzaion: gabon arratsean kantura atera, eta eskean bildutako diruarekin, gaixo zeuden herritar haiei opari txiki bat egitea.

Horrela sortu zen Gabon Korua duela 81 urte, eta egun hartakoa ez zen une bakarrean geratu. Ordutik hona, ia urtero, Zumaiako kaleak musikaz bete dira Gabon arratsean, beti ere hasierako ideia hari leial: kantua elkartasun bihurtzea. Urteek aurrera egin ahala, beharrak aldatu dira, eta Gabon Koruak bere bidea egokitzen jakin du: etxeetan gaixo zeuden umeei laguntzetik, gaur egun San Juan Egoitza den horri ekarpena egitera eta azken hamarkadetan, Caritasen bitartez, behar handiena dutenen aldeko diru bilketa eginez.

Gabon Korua ez da inoiz izan ohiko abesbatza bat, herriaren korua baizik. Musika ezagutza ezinbestekoa izan gabe datozen herritarrek osatua, adin, lanbide eta bizipen ezberdinetako pertsonek elkarrekin kantatzeko sortua. Hor dago bere berezitasun handienetako bat: sei entsegutan bakarrik, ehun lagun inguruk osatutako talde bat kaleetara irten eta emozioz betetako emanaldi bat eskaintzea. Horregatik esan daiteke, formatu hau Euskal Herrian bakarra dela; ez perfekzio teknikoaren bila dabilen proiektua delako, baizik eta konfiantzan, ilusioan eta taldearen indarrean oinarritzen delako.

Azken urteotan, Amaia Aldalur aritu da Gabon Koruaren gidaritza musikalaren ardura hartzen, belaunaldiz belaunaldi jasotako ondare hau zainduz eta eguneratuz. Bere zuzendaritzapean, koruak bere izaera herrikoia galdu gabe jarraitu du, tradizioari leial eta, aldi berean, gaur egungo herriari begira.

Urtez urte, milaka ahotsek osatu dute Gabon Korua, eta pixkanaka, Zumaiaren nortasunaren parte bilakatu da. Ez da soilik musika edo kultura; memoria kolektiboa da, kaleak eszenatoki bihurtzen dituen ohitura, eta entzulea ere partaide egiten duen esperientzia. Horregatik, azken urteotan, kantua partekatzera gonbidatzen da herria, entzuleen eta abeslarien arteko muga deseginez.

Gaur egun ere, Gabon Koruak bere jatorrizko izaerari eusten dio. Kantura ateratzen da, bai, baina batez ere elkartasuna adieraztera, elkar zaintzera eta Gabonen esanahia bizirik mantentzera. 81 urte geroago, erronka bera du aurrean: herri korua izaten jarraitzea, belaunaldi berriak batzea, eta sei entsegutan, bihotzetik sortutako magia hori, berriz ere, posible egitea.

Gabon arratsean Zumaian, kantua ez da soilik entzuten. Partekatu egiten da. Eta horixe da Gabon Koruaren sena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide