Harrera beroa egin diete Olentzerori eta Gomezagori

Gorka Eizagirre 2025eko abenduaren 24a

Ikazkinak eta marinelak besarkada estua eman dute Arranplan eta elkarrekin osatu dute kalejiraren azken zatia. Ondoren, Amaia plazako etxebizitzetako arkupetan jaso dituzte herriko haurren gutunak.

Beste urte batez, harrera beroa egin diote zumaiarrek Olentzerori eta Gomezagori, nahiz eta euri arina presente izan den une oro. Urtero bezala, etxeko txikienek gozatu dute gehien ikazkinaren eta marinelaren etorrerarekin, eta ilusioz eman dizkiete gutunak Amaia plazan.

Olentzero izan da Zumaiara iristen lehena, eta Beheko plazan elkartu da herritarrekin; Erribera kalea hartuta, Arranplarainoko bidea egin du gurdi gainean, trikitilariek eta Inpernupeko Joareek girotuta. Ibilbidean zehar, Gabon kantak abestu dituzte elkarrekin.

Txalupan iritsi da Gomezago, eta Arranplan lehorreratu da. Olentzerok ongietorria eman dio laguntzaileari, eta elkar besarkatu dira. Jarraian, herritarrak agurtuz gurdi gainera igo dira eta Amaia plazako etxebizitzetara jo dute, kalejirari amaiera emateko. Aipatu etxebizitzen arkupetan aritu dira gutunak jasotzen eta argazkiak ateratzen zumaiarrekin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide