Iñaki Ostolaza: "Guk gure lana egin dugu, eta gauzak bere osotasunean kontatu behar dira"

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 26a

Iñaki Olazabalen omenez egindako 'Zinka' eskultura, Saregile plazan. (Maddi Txintxurreta)

Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak gezurtatu egin ditu Eskuahaldunak elkarteak gaur goizean eginiko adierazpenak. Izan ere, alkateak azpimarratu du udala "bere lana egiten" aritu dela Iñaki Olazabalen omenez eginiko eskultura desagertu zenetik. Hori ez ezik, gogora ekarri du "eskultura berreskuratzeko konpromisoa" hartu zuela hasieratik.

Zumaiako Udalak irmoki gezurtatu ditu gaur goizean Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak eginiko adierazpenak, izan ere, prentsa agerraldia "zerrikeria bat" izan dela azpimarratu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Hain zuzen ere, azaroaren 22an Iñaki Olazabal eskultorearen omenez egindako Zinka artelana desagertu egin zen Saregile plazatik, eta geroztik eskultoreen elkartea lanean aritu da pieza berreskuratzeko asmoz. 

Alde batetik, udalak gertakaria "ezkutatu" egin duela nabarmendu du elkarteak gaur goizean, "babesgabetasun sentsazioa" eragin diotela argudiatuz. Udalak, ordea, beste bertsio bat kontatu du. "Eskultura bere lekutik desagertu zenetik, gure lana egiten aritu gara", kontatu du alkateak. "Hasiera batean, desagertu zenean, pentsatu genuen elkarteko kideek jaso zutela, eta Kultura teknikariak azalpen eske deitu zien", gehitu du Ostolazak. 

Udaltzaingoaren esku-hartzearen ostean, Astilleroko segurtasun kamerek erakutsi zuten "iluntzean, gazte talde batek objektu bat bota zuela erriora". Udalak irudi horiek eskuratu zituenean, zuzenean elkarteari bidali zizkion, salaketa bat jartzeko eskatuz.

Egun batzuk geroago, bi aldeek bilera bat egitea adostu zuten, eta alkateak azaldu duenez, "herriaren izenean" barkamena eskatu zien "ekintza bandaliko horregatik". Beste alde batetik, elkarteak prentsaurreko bateratu bat egiteko eskatu zuen, baina udalak ez zuen horretarako beharrik ikusi. "Hala eta guztiz ere, elkarrekin landutako ohar bat ateratzeko prest geundela esan genien; jarrera horrek alde batera uzten du guk gertakari hau ezkutatu nahi izana", aitortu du Ostolazak. Proposamen hori egin ostean, udala "erantzun baten zain" geratu zen, baina jaso duten erantzuna haiekin "kontatu gabe emandako prentsaurrekoa" izan dela argudiatu dute.

Horrez gain, urpekariei deitzeko eta eskultura bilatzeko "konpromisoa" adierazi zion alkateak elkarteari. "Bilera egin eta hurrengo egunean atera ziren Zumaiako lau urpekari, goiz osoan zehar ibaia arakatzera", zehaztu du. Hala ere, uraren egoera oso txarra zen egun hartan, eta ezin izan zuten ezer aurkitu. Egoera horren aurrean, urpekariek "ura argiago zegonean" aterako zirela esan zuten, eta eskultura aurkituz gero, saiatuko zirela "bertatik ateratzen". 

Elkartearen erreakzioaren ostean, "idatzizko konpromiso argi bat" eskatu dio udalak, alkateak jakinarazi duenez: "Bertan argi utzi nahi dugu udalak ez duela bere gain hartuko gertatutako kalteen erantzukizuna". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide