Asko hitz egin da azken urteotan Kantauri itsasoan izaten ari den olagarro eskasiaz. Lehen zulo eta haitz tartean egoten ziren animaliak apenas ikusten diren azken aldian. Horri erantzun bat eman nahian, Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailak, olagarro haztegiaren proiektua ondu du. Aipatu haztegia Zumaiako Paolean kokatuko dute, eta dena ondo bidean 2026ko udazkenerako izango da martxan. Olagarroaren interpretazio zentroa sortzea ere jasotzen du proiektuak. Proposamenak Zumaiako Udalaren oniritzia jaso du, eta beharrezkoak diren errekurtso guztiak jartzeko prest agertu da.
Proiektua Azti zentro teknologikoak diseinatu du. Haren arabera, Zumaia "leku egokia" da halako haztegi bat kokatzeko. "Zumaiako harraldearen egitura aproposa de olagarroentzako, eta haztegiarentzako kokalekua aztertzerako orduan, ez genuen zalantzarik izan", adierazi du Aztiren komunikazio arduradun Fernando Medinabeitiak. Beste faktore bat ere kontutan hartu zuten Zumaiaren aldeko apostua egiterako orduan: Paola hutsik geratu da farozainak erretiroa hartu eta gero. "Itsasargiaren eraikina ezin aproposagoa iruditu zitzaigun proiektu hau gauzatzeko", nabarmendu du Medinabeitiak.
Hala, proiektuaren arabera, kubeta handi batzuk jarriko dituzte Paolean, olagarroak jaio eta hazten joateko. Eguneko 24 ordutan lanean egongo diren punpen bidez igoko dute itsasoko ura eraikinera, "beti ere ur garbia egon dadin kubeta horietan, eta olagarroek hazten joateko elikagaia izan dezaten".
Behin tamaina batera helduta, itsasora eramango dituzte hodien bidez, hazten jarraitzeko. Haztegi natural gisa, Inpernupeko kala proposatu du Aztik. Horrek aldaketa batzuk ekarriko ditu: Inpernupe ingurua hesitu egingo dute, bai itsaso aldera, baita lurretik ere; ezingo da orain bezala Inpernupera oinez joan. "Asmoa olagarroentzako babesgune bat sortzea da. Pertsonen joan-etorriekin ez litzateke leku segurua izango olagarroentzat", adierazi du Aztiko kideak.
Hasiera batean, haztegian jaio eta hazitako olagarroak ez dituzte salduko. "Helburua ez da ekonomikoa, animalia hori bizirautea da lortu nahi dena", azpimarratu du Medinabeitiak. Horregatik, olagarroak harrapatzea debekatuta egongo da lehen urteetan. "Behin kopurua egonkortzen bada, aztertuko dugu ea olagarroa arrantzatzea posible izango den edo ez".
Interpretazio zentroa
Haztegia egitearekin batera, olagarroaren inguruko interpretazio zentro bat sortzeko ideia du Zumaiako Udalak. Zentro hori egun hutsik dagoen Erkibeko eraikinean kokatuko litzateke. Zefalopodoen familiako informazio zientifikoa emateaz gain, herriak animalia horrekin duen historiaren berri ere emango luke, eta haurrentzako txokoak ere prestatuko dituzte.