Bihar arratsaldean jokatuko dute Gabonetako Xake Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 28a

Iazo Gabonetako Xake Txapelketako partidak, Oxforden. (utzitakoa)

Oxford aretoan jokatuko dute, 17:00etatik aurrera, eta sei sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Gabonetako Xake Txapelketa jokatu dute bihar arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. Zumaiako Xake Taldeak urtea amaitu baino lehen antolatu ohi duen egitasmo honek parte hartze handia izan ohi du; iaz, esaterako, hogei haur inguru aritu ziren modu ludikoan, eta 78 heldu lehian.

Izena emateko epea zabalik dago duela astebetetik. Oraindik pausoa eman ez dutenek eta parte hartzeko interesa dutenek zumaiakoxaketaldea@gmail.com helbide elektroniko idatzi edo 630 93 70 41 zenbakira deitu dezakete.

Guztira, sei sari banatuko dituzte, eta lehen hiru sailkatuei emango zaien sariaren balioa handitu egin dute iazkoarekin alderatuta. Irabazleak 200 euroko balioa duen saski bat jasoko du; 150 euroko balioko saskia bigarrenak, eta 100 eurokoa hirugarrenak. Horiez gain, lehen zumaiarrak, lehen emakumeak eta lehen gazteak saski bana jasoko dute.

Iaz Aitor Martinez madrildarra izan zen garaile, Asier Gonzalez portugaletetarra bigarren eta Alex Odriozola donostiarra hirugarren. Bestalde, Inge Alvarez donostiarra izan zen lehen emakume sailkatua, Xabier Aranzabal lehen zumaiarra eta Iker Tafall hondarribiarra lehen gaztea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide