Uxategiko entsegu lokalak erabiltzeko eskaera egiteko azken eguna gaur da

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 29a

Uxategiko entsegu lokalak, San Juan egoitzaren atzealdean, artxiboko irudian.

Udalak bost entsegu lokal ditu Uxategia eraikinean. Espazio horiek erabiltzeko interesa duten musika taldeek gaur izango dute eskaera egiteko azken eguna, dokumentazioa Alondegia kultur etxera eramanda.

Uxategiko entsegu lokalak erabiltzeko deialdia zabaldu zuen Zumaiako Udalak abendu erdialdean, eta gaur da eskakizuna egiteko azken eguna, hilak 29. Aipatu lokal horiek erabili ahal izateko akordioa du udalak Dardara musika kolektiboarekin, eta hitzarmen horren arabera, urtero egin behar da deialdia. Hala, egun lokalak erabiltzen ez eta haietan sartu nahiko luketen taldeek, baina baita gaur erabiltzen dutenek ere, izena eman beharko dute. 

Udaleko Kultura Sailak argitu duenez, lokal horiek herriko taldeei zuzendutakoak dira, eta haiek erabiltzeko taldekideen erdiak gutxienez Zumaian erroldatuta egon beharko du. Kasu guztietan ere, taldekideek Dardara kolektiboko kide izan beharko dute. Pertsonako 50 euroko kuota ordainduko dute. 

Izena ematerako orduan, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Alondegia kultur etxean:

  • Izen-emate orria behar bezala beteta (hemen eskuragarri).
  • Taldekideen nortasun agirien fotokopiak (eskaera berrien kasuan).
  • Lokaletan egongo den materialaren inbentarioa (argazkiekin) eta balioa.
  • Dardararen kontu korrontean (ES27 2095 5174 95 10 74 75 1768) kuota ordaindu izanaren agiria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide