Bihar amaituko da udal tasa eta zergen hobariak eskatzeko epea

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 30a

Udaletxean bertan edo telematikoki egin daiteke eskaera. Zenbait aldaketa izan dira aurtengo ordenantza fiskaletan, udalaren hitzetan, "zerga sistema bidezkoago eta eguneratuago bat lortzeko" helburuarekin.

Zumaiako Udalak zerga eta tasen karga arintzeko zenbait hobari eskaintzen ditu urtero. Abenduaren hasieran zabaldu zuten horien eskaera egiteko epea, eta bihar da azken eguna, abenduak 31. Udaletxean bertan edo telematikoki egin daiteke eskaera.

Ondorengo kontribuziotan eskatu ahal izango da: familia ugariek etxebizitzarekin lotutako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga, udal zerbitzuetako tasak, bizigune programari lotutakoa, energia aprobetxamendu sistemarena eta ibilgailu historikoena.

Udalak azaldu du ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa txertatu direla aurten, "zerga sistema bidezkoago eta eguneratuago bat lortzeko" helburuarekin. Batik bat, etxebizitzaren arloari, ibilgailuen zergari eta familia ugarien hobariei lotutakoak dira aldaketak. Orain arte indarrean zeuden hobari batzuk bertan behera geratu dira; beste batzuk, aldiz, indartu. 

Dokumentu honetan kontsulta daitezke hobariak. Herritarren Arreta Zerbitzura jo dezakete herritarrek zalantzak argitzeko, udaletxera bertaratuta 08:00etatik 14:00ak artean, edo 943-86 50 25 telefono zenbakira deituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide