Gutuna

Atzera begirada, aurrean dugunari aurre egiteko

Urola Kostako Itaia 2025eko abenduaren 31

Urola Kostako Itaiaren mobilizazioa Martxoaren 8aren harira. (Urola Kostako Itaia)

Urte bukaerarekin batera, Urola Kostako Itaiak ondorengo gutuna helarazi du, indarkeria matxistaren gorakadaren aurrean "antolatzeko beharra" azpimarratuz.

2026aren bezperetan gaude, eta azken hilabeteei atzera begiratzea ez da ariketa erraza. Urte honek zenbatezinak diren erasoak utzi dizkigu mahai gainean, eta zortzi erailketa matxista Euskal Herrian; azkena aste honetan, Barakaldon. Urrian bertan, gure eskualdean, indarkeria matxistak aurpegirik gordinena erakutsi zigun: Zarautzen erailketa matxista baten berri izan genuen.

Baina indarkeria matxistak aurpegi asko ditu; modu isilean gertatzen da, eta emakume langileok egunerokoan gogor astintzen gaitu. Horren adibide dira gure eskualdean azken urtean emandako gertakariak: abenduan, 25 urteko gizon batek adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion Aian. Ekainean, Aian bertan, Iturriotz Azpi zentroko gizon hezitzaile batek adingabeko neska bati sexu erasoak egin zizkiola jakin genuen, 2019tik 2022ra bitartean. Eta apirilean, Zumaian, haur pornografia edukitzeagatik eta zabaltzeagatik atxilotu zuten gizon bat.

Aurrera begiratzeak ere beldurra ematen du. Faxismoaren eta erreakzioaren gorakada betean, ideia matxistak normalizatzen ari dira, eta haiekin batera indarkeria matxistaren kasuak ere areagotzen. Biolentzia matxista justifikatzen duten diskurtsoak horren adibide dira, eta, batez ere, eguneroko ogia izaten jarraitzen dute eraso eta erailketa matxistek.

Arazoa egiturazkoa da. Gizarte kapitalistak beharrezkoak ditu bere klase-interesak defenditzeko gizarte sektore azpiratuak, eta horien artean gaude gu, emakume langileak. Kapitalismoak subjektu zapaldu bihurtzen gaitu, ekonomikoki ez ezik kulturalki ere: alde batetik, lan sektore feminizatuetan baldintza prekarioak onartzera behartuz; bestetik, hipersexualizatzen gaituen estetikaren industria oso bat gure atzetik jarriz.

Kapitalismoari berezkoak zaizkion funtzio horiek guztiek egiten dute gizarte kapitalista, berez, matxista. Kapitalismoa, baina, aspalditik dago krisian, eta testuinguru horretan eskuin-muturrak eta faxismoak beren diskurtsoa lau haizetara zabaltzeko makinaria guztia martxan jarri dute. Horietako askok beren burua “antisistema” gisa aurkezten badute ere, ideia erreakzionarioak zabaltzen dituzte eta gizarteko kapa baxuenak kriminalizatzen dituzte. Hala, wokismoaren aurkako mezuak hedatzen dituzte, politikoki desegokiak diren ideia erreakzionarioak justifikatuz, tartean jarrera matxistak eta etorkinen aurkakoak. Faxistek, faxistak direnez, kapitalismoaren defentsa egitea eta langile- klasearen batasuna eragoztea dute helburu; horrela, gizarteko kapa azpiratuenetan kokatzen dituzte krisiaren ustezko erantzuleak, tartean emakume langileak eta migratzaileak.

Urgentziazkoa da indarkeria matxistaren aurkako borroka eta antolakuntza indartzea. Orain da unea datorkigun oldarraldi erreakzionario honen aurkako kontzientzia hedatzeko, eta diskurtso matxista eta faxistei kalean aurre egiteko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide