Datorren astelehenean, hilaren 5ean, helduko dira Errege Magoak Zumaiara. 18:30ean iritsiko dira, ohi bezala, belaontzian, eta orduek aurrera egin ahala, haurren urduritasuna handitzen joango da. Erregeek ekarriko ote dizkiete desio dituzten opariak? Erregaloak merezi izateko onak izan al dira urtean zehar? Desio horiek gutunetan idatzita izango dituzte dagoeneko, eta Erregeen laguntzaileek emateko gogotsu izango dira.
Gutun bilketa bihar arratsaldean egingo dute, 18:00etan, Beheko plazan kokatutako jaiotzan. Antolatzaileek eskaera zehatz batz egin diete haurrekin joango diren gurasoei edota laguntzen arituko diren helduei: hotzetan denbora askoan ez egoteko, familiei eskatzen diete pertsona bakarra aritzea argazkiak ateratzen, argazki bakarra ateratzea eta ahalik eta arinen beti ere.
Aniztasun funtzionala duten haurrek, nahi izanez gero, aukera izango dute gutunak lehentasunez emateko laguntzaileei, betiere garaiz jakinarazita kultura@zumaia.eus helbidean.
Postontziak Estalapean
Aurretik Olentzerorekin egin bezala, Errege Magoei gutunak emateko postontziak ere jarri dituzte Kofradiako Estalapean. Errege Mago bakoitzak bere postontzia du, eta gutunak astelehenean bertan jasoko dituzte.