2026a estreinatu berri, garai aproposa da 2025ak eman duenaz jabetzeko, eta esan daiteke, beste urte batez, albisterik behintzat ez dela falta izan herrian. Era guztietakoak izan dira, batzuk onak eta besteak txarrak, eta horien guztien berri herritarrei ahalik eta modu zintzoenean ematea izan da Gukaren ahalegina –hemen ikus daitezke iazko albiste irakurrienak–. Idatziz zein bideoz albiste, erreportaje eta elkarrizketa ugari ondu ditu Gukak 2025an ere; hain zuzen ere, Zumaia Gukaren atari honetan 3.364 eduki argitaratu ditu urtebetean; egunean, batez beste, bederatzi eduki.
2025ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.526.755 bisita izan ditu webgune honek, edo gauza bera dena, egunean batez beste 4.183 bisita, Google Analytics neurgailua oinarri hartuta Behategiak egindako zenbaketaren arabera. 2024an ere milioi eta erdi bisitaren langa gainditzea lortu zuen.
Azken urteetako joerari eutsita, 2025an ere herritarrak batez ere eskuko telefonotik sartu dira Zumaia Gukaren webgunera; hala egin dituzte bisiten %81.
Webgune honen datuak ez ezik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainontzeko hedabide digitalenak ere oso onak izan dira iragan berri den urtean. Taldearen sei webguneek –Azkoitia Guka, Azpeitia Guka, Orio Guka, Zarautz Guka, Zumaia Guka eta Guka–, guztira, 10.757.687 bisita izan dituzte, eta horrela, aise hobetu dituzte aurreko urteetako zenbakiak. Izan ere, 2024an, denera, 9.942.528 bisita izan zituzten taldearen webguneek, eta 2025ean, ia milioi bat bisita gehiago pilatu dituzte.