Aukeratu ditu Ostarrenak neguko zine forum zikloko filmak

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 5a

'Un simple accidente' filmeko fotograma.

Sei film emango ditu Zumaiako zine klub elkarteak urteko lehen hiru hilabetetan. Un simple accidente film iraniarrarekin hasiko du neguko zine forum zikloa.

Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, urtarrilaren 15ean itzuliko dira zine forum saioak Aita Mari aretora. Haien antolatzaile Ostarrena zine klubak aukeratu ditu dagoeneko urteko lehen hiru hilabetetan emango dituen sei filmak. Saioak 19:00etan izango dira, Aita Mari aretoan. 

Zikloa hasteko, iazko Canneseko jaialdian Urrezko Palmondoa irabazi zuen Un simple accidente film iraniarra aukeratu du Zumaiako zine klub elkarteak. Egun Irango gobernuak atxilotuta duen Jafar Panahi zinemagileak idatzi eta zuzendutako lana da urtarrilaren 15ean Aita Marin ikusi ahal izango dena. 

Bi aste geroago, urtarrilaren 29an, Palestinako genozidioa hizpide duen La voz de Hind film tunisiarra emango dute Aita Marin. Epaimahaiaren Saria jaso zuen film hark iazko Veneziako jaialdian. Zinema jaialdi horretan bertan sari nagusia jaso zuen Father mother sister brother film estatubatuarra emango du Ostarrenak otsailaren 12an. Hil horretan bertan, otsailaren 26an, Weapons film estatubatuarra ikusteko aukera izango da Zumaian.

Martxoan ere bi film emango dituzte. Martxoaren 12an Hamnet eta hilaren 26an Ciudad sin sueño.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide