Bideo-arbitraiaren bidez erabaki dute Winter Serieseko finalerdietako lehen irabazlea

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 6a

Urreisti eta Lopez kexu, epaileek hartutako erabakiarekin. (Eraman)

Berdinketa hausteko jokoan, bi bikoteak launa berdinduta zeudenean, bideo-arbitraiak garaipena Goitia eta Lekerikari eman dio, Urreisti eta Lopezen aurrean. 

Winter Series zesta punta txapelketako finalerdietako lehen jardunaldia jokatu zuten atzo Gernikako pilotalekuan. Urreisti eta Imanol Lopez gipuzkoarrak, Goitia eta Lekerika bizkaitarren aurka aritu ziren. Ezin partida berdinduagoa izan zen, eta horren adibide da azken-azken tantora arte ez zela erabaki nork lortuko zituen irabazleei zegozkien puntuak. 

Lehen jokoa 13-15 emaitzarekin irabazi zuten Goitiak eta Lekerikak; Urreistik eta Lopezek berdinketa jarri zuten markagailuan, bigarren jokoa 15-10 irabazita. Hala, berdinketa hausteko joko laburra jokatu behar izan zuten. 

Zortea ez zuten aldeko izan gipuzkoarrek joko laburrean. 3-0 aurretik zihoazela, Urreistik saskia hautsi zuen, eta partidako azken tantoak saski berriarekin jokatu behar izan zituen. Mutrikuarra eta zumaiarra 4-1 jarri ziren aurretik, eta bazirudien beraientzako izango zela partida, baina bizkaitarrek hiru tanto egin zituzten jarraian eta launa berdindu zuten. Azken tantoa Goitiak eta Lekerikak egin zuten, baina bideo-arbitraia eskatu zuten Urreistik eta Lopezek. Azkenean, epaileek azken tantoa bizkaitarrei eman zieten, eta hala 4-5 irabazi zuten jokoa, eta 1-2 partida. Epaileen erabakia ez zen Urreistiren eta Lopezen gogokoa izan. 

Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia jokatuta, Goitiak eta Lekerikak hiru puntu dituzte, eta bat Urreistik eta Lopezek. Tanto-averagea, baina, gipuzkoarren aldekoa da (+2).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide