Igandean hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, eta eskualdeak hartuko du aurreneko hitzordua: Oriok. Lehenengo jardunaldia 09:00etan hasiko da, eta gizonezko zein emakumezkoetan, infantilak, kadeteak, jubenilak eta absolutuak lehiatuko dira. Estropadak lerroz lerro, hau da, linean, jokatuko dituzte, 1.000, 1.500 eta 2.000 metroko distantzietan. Irteera eta helmuga Ibai Ondo kaleko Salatxo tabernaren parean izango dira kategoria gehienentzat. Izan ere, kadeteak Gaztetxe parean hasiko dira lehian, herriguneraka. Aurreneko jardunaldia Badok13 Orio beteranoen taldeak antolatu du.
Eskualdeko ontzirik ez da faltako aurten ere bateletan. Zumaiako arraun elkartearen kasuan, bost ontzi uretaratuko ditu: infantil neskatan bat, eta kadete neskatan eta jubenil mutiletan bina.
11 jardunaldi
Urtarrilean hasi eta martxo amaierara arte, ligak 11 jardunaldi izango ditu aurtengoan. Bigarren jardunaldia hilaren 18an izango da, igandearekin, Pasai Donibanen, 10:30ean hasita, eta hirugarrena hilaren 24an, larunbatean. Jardunaldi horri buruzko informaziorik ez dute eman, oraindik. Gainerako hitzorduak otsailaren 1ean, 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira, eta martxoan, berriz, 14an, 15ean, 21ean eta 22an.
Finalak noiz jokatuko dituzten ere zehaztuta dute: martxoaren 29an izango dira, igandearekin. Finalerako sailkapenak, berriz, bezperan egingo dituzte. Finalak eta sailkapena kontuan hartuta, denera hamahiru hitzordu izango ditu Gipuzkoako Batel Ligak.