World Surf League-en junior mailako Munduko Txapelketa jokatuko dute bihartik aurrera, La Uniongo Urbistondo hondartzan (Filipinak), eta eskualdeko hiru surflari lehiatuko dira bertan: Keoni Lasa zarauztarra eta Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri ahizpa zumaiarra, hain zuzen ere.
Hitzordu honek 20 urtez azpizko munduko 48 espezialista onenak –24na gizonezko eta emakumezko– elkartuko ditu, Europako nahiz nazioarteko zirkuituan denboraldi bikaina osatu ondoren. Eskualdeko hiru surflariak, gainera, txapelketan parte hartuko duten euskal ordezkari bakarrak izango dira.
Annette Gonzalez-Etxabarri Europako junior txapeldun izan da azken bi denboraldietan, eta iazko Munduko Txapelketan final-laurdenetara iritsi zen. Janire ahizpa surflari olinpikoa da, eta Annetteren aurretik hiru bider izan zen Europako txapeldun; wildcard gonbidapenari esker hartuko du parte Filipinetan. Lasa ere gonbidatu gisa lehiatuko da txapelketan; zarauztarra Europako QSko txapeldunordea da eta Challenger Series zirkuituko ohiko surflaria da.