60. greba eguna bete dute gaur San Juan egoitzan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 8a

San Juan egoitzako langileak, gaur egindako elkarretaratzean. (Juan Luis Romatet)

Azaroan ekin zioten greba mugagabeari San Juan egoitzan. ELA sindikatuaren arabera, bi hilabete hauetan ez da negoziariorik izan enpresa eta langileen artean. Hori bakarrik ez, gutxieneko zerbitzuak %90eraino handitu dituztela salatu du sindikatuak. 

Ostegunero bezala, Eusebio Gurrutxaga plazan elkarretaratu dira San Juan egoitzako beharginak. Bozgorailuaren bidez esandako mezuei beste bat gehitu diete gaur. Izan ere, grebako 60. eguna bete dute gaurkoarekin Zumaiako adinekoen egoitzako langileek.

Lurraldeko adinekoen sei egoitza, Zumaiako San Juan barne –bera da Urola Kosta eskualdeko bakarra–, greba mugagabean daude azaroaren 21etik. Aurretik beste hamabi egunez izan ziren bertako langileak greban, lurralde mailako sektoreko akordio berria izateko helburuarekin. Lanuzteak egiten ari diren denbora honetan egoitza kudeatzen duen enpresaren eta langileen arteko negoziaziorik izan ez dela adierazi du ELA sindikatuak. Ez hori bakarrik: salatu dute gutxieneko zerbitzuak %90eraino handitu dizkietela. Sindikatuaren arabera, "horrek agerian uzten du Jaurlaritzak zein Aldundiko dekretuak ezarritako urteko langile kopurua oso eskasa dela, eta urte osoan zehar plantillak gutxieneko zerbitzuen pare lan egiten dutela". 

Hasiera batean, urtarrilaren 19ra arte jarraituko zuen grebak San Juan egoitzan, baina egoera ikusita, negoziazioei tarterik egin ez dietela ondorioztatuta, lanuzteekin jarraituko dutela aurreratu dute gaurko kontzentrazioan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide