Egitarau bete-betea izango du Emakumeon Etxeak ekainera bitarte

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 9a

Ekainera arteko programa biltzen duen liburuxka. (Emakumeon Etxea)

Hamasei jabetze eskola, bederatzi elkargune, agenda eskaintza oparoa eta zerbitzuak eskainiko dituzte seihileko honetan Emakumeon Etxean. Izen ematea zabalik da gaurtik. 

Dagoeneko eman du Emakumeon Etxeak urtarriletik ekainera bitarteko programazioaren berri. Datozen hilabeteotan hamasei jabetze eskola, bederatzi elkargune, agenda eskaintza oparoa eta zerbitzuak jasotzen ditu. Herritarrek etxeetan jasoko dute programazioa biltzen duen liburuxka, eta Emakumeon Etxean bertan, udaletxean, Alondegian edota Gizarte Zerbitzuetan ere izango dute liburuxka, baita online ere, Emakumeon Etxearen webgunean. 

Jabetze eskolen eskaintza askotarikoa da. Aurrez egin bezala, datorren seihilekoan ere ikastaro laburrak, luzeak, iraunkorrak eta berriak eskainiko dituzte, eta hainbat gai landuko dituzte horietan: ongizatea, sorkuntza, musika, dantza eta kirola, esaterako. Parte hartzeko, beharrezkoa da aurrez izena ematea, urtarrilaren 17a baino lehen, Emakumeon Etxean bertan edo webgunean.

Aurreko ikasturteetan martxan zeuden zortzi elkargune egonkortu dira, bestetik –xakea, korrika, pala, futbola, eskubaloia, xaboi komunitarioa, sorgin txokoa eta mendi irteerak–. Berri bat ere sortu da, Hezkuntza feminista elkargunea, hain zuzen. Elkarguneetan parte hartzeko ere izena ematea beharrezkoa dela jakinarazi dute. 

Agenda oparoa eta zerbitzuak ere bai

Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, solasaldiak nahiz bakarrizketak ere izango dira ekainera artean. Otsailaren 26tik martxoaren 15era artean, gainera, Ez ahazteko gogoratuz. Herriko historia eta emakumeen memoria argazkitan memoria ariketa kolektiboaren erakusketa ikusgai izango da Alondegiko Oxford aretoan. Raixta eguna noiz izango den ere jakinarazi dute: aurten, maiatzaren 30ean emango diete amaiera ikasturteari. 

Zerbitzuak ere emango dituzte: aholkularitza juridikoa eta arreta psikologikoa, adibidez. Nabarmendu dute zerbitzuok lagungarriak izan daitezkeela emakume askorentzat, eguneroko arazoei aurre egiteko zein indarkeria-egoeretan babesa izateko. Gainerako zerbitzuak (sexu ahokularitza, edoskitze aholkularitza, liburutegia...) ere eskaintzen jarraituko dute.  

Zalantzak argitzeko, Emakumeon Etxera jo daiteke, edo nahiago izatekotan, 633 43 27 62 telefono zenbakira mezua bidali, edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbidera idatzi ere bai. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide