Urte berriarekin batera hasiko dira xakeko ligak ere, eta lehian hasiko dira Zumaiako Kbi xake klubeko taldeak ere. Aurten, aurreko urteekin alderatuta, bi talde aterako ditu Zumaiako xake klubak. Azken bi denboraldietan hiru talde atera zituen Kbik, baina aurten hirugarrena ateratzeko arazoak izan dituzte, gazteenek kirola utzi dutelako.
A taldeak Euskal Ligako lehen mailan jokatuko du aurten, iaz igoera erdietsi eta gero. "Alde horretatik pozik gaude, denbora gutxian igoera dezente izan ditugulako", azaldu du klubeko kide Aitor Sarasketak. Aurtengo helburua ere igoera lortzea dela dio, Ohorezko mailara, hain zuzen. "Horretarako taldea badugu", azpimarratu du. "Bi talde igoko dira, eta gauzak ondo ateratzen badira, nik uste aukerak izango ditugula. Borroka horretan egoteko asmoa dugu, behintzat", gaineratu du.
Bigarren taldea, bere aldetik, Gipuzkoako ligako bigarren mailan arituko da aurten ere. Bertan, jokalari beteranoak eta gazteak arituko direla azaldu du Sarasketak.
Bi taldeak ere etxean arituko dira beraien ligetako lehen jardunaldia jokatzen, 16:00etatik aurrera, Hogarrean. A taldeak Gros B taldea izango du aurkari, eta Taula B Kbiren B taldeak.